Bilbon alokairu sozialeko udal-etxebizitza bat dago 82 biztanleko, eta, beraz, estatuko rankingean lehenengo postuan dago. Horren atzetik daude Malaga (154 biztanleko bat), Bartzelona (185 biztanleko bat) eta Zaragoza (276 biztanleko bat). Bada, urte honen hasieran, uriko biztanleen % 2,5, hau da, 8.596 pertsona, titulartasun publikoko etxebizitzetan bizi ziren.
2023ko hasieran, udal-etxebizitzen parke publikoan 4.230 etxebizitza zeuden; horietatik % 94 (3.973) alokatuta zeuden, eta gainerako % 6a (227) alokatzeko izapidean edo berritze-lanak egiten. Bilboko 24 auzotan daude etxebizitza publikoak. Uriko barruti guztietan daude titulartasun publikoko etxebizitzak, Abandoko barrutian izan ezik.
Iazko balantzea egin ondoren, 2023. urtean, Yolanda Díez etxebizitzaren arloko zinegotziak hauxe dio: “Udal-etxebizitzen parkea ahal den neurrian handitzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, behar-beharrezko baliabidea delako, eta gure obligazioa da egungo ratio onak mantentzea eta horiek hobetzea, etxebizitza publikoa udal-kudeaketan lehentasun gisa jarriz”.
Desgaitasunen bat duten pertsonek 113 etxebizitza dituzte erabilgarri, etxebizitza publikoaren beharra badute. Etxebizitza publikoaz gain, udal-parkeak alokairu sozialerako 900 lokal ditu, bai eta 366 garaje eta 77 trasteleku ere, alokairua arrazoizko prezioetan eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten biztanleek erabiltzeko.
2023aren hasieran, udal-etxebizitzen hileko batez besteko errenta 266 eurokoa izan zen, eta lokalena 213 eurokoa.
Iaz, Bilbon 286 errentamendu-kontratu egin ziren udal-etxebizitzetan
Iaz udal-etxebizitza bat alokatzeko sinatu ziren 286 kontratuetatik, ehun baino gehiago (109) lehendik zeuden kontratuak berritzeko izan ziren. Ia laurden bat (77) etxebizitza bat eskaintzeko egin ziren, egokitasuna doitu ondoren, lehentasunezko arreta behar duten kolektiboei etxebizitza bat bermatzeko: desgaitasun fisikoa duten pertsonak, genero-indarkeriaren biktimak, guraso bakarreko familiak, 70 urtetik gorakoak, 35 urtetik beherakoak eta 35 urtetik gorakoak, 10 urte urian erroldatuta egonda.
Nabarmentzekoa da, halaber, urtean zehar etxebizitza solidarioen programaren barruan 49 kontratu egin zirela, Otxarkoaga eta Ibaiondo barrutietan dauden 20 etxebizitzatan. Gainera, 23 kontratu sinatu ziren desgaitasuna edo genero-indarkeria tarteko, etxebizitza-aldaketa behar zuen pertsonentzat, eta 21 kontratu egin ziren etxegabetze-kasuetan etxebizitza ahalbidetzeko.
9.600 pertsona baino gehiago zeuden etxebizitza publiko baten eskatzaileen erregistroan
Urtearen hasieran, 9.675 pertsona zeuden erregistratuta etxebizitza-eskatzaile gisa, eta horietatik % 70 inguru 35 eta 65 urte bitartekoak ziren. Udal-etxebizitza eskatzen duten emakumeen eta gizonen ehunekoa oso antzekoa da: % 56 gizonak dira eta % 44 emakumeak.
Bestalde, etxebizitza publikoaren eskarien % 78 eta esleipenen % 86 pertsona batek edo bik osatutako bizikidetza-unitateak izan ziren aurreko ekitaldian.
Azkenik, udal-etxebizitza bat lehen aldiz eskuratu duten bizikidetza-unitateak 3.973 izan dira 2001-2022 aldian. Azken urte horretan 102 bizikidetza-unitate izan dira aurrenekoz izan dutenak etxebizitza publiko bat alokairuan Bilbon.