Aste Nagusiari hasiera emateko hilabete eskas bat baino ez denean geratzen, Bilboko Udalak ezagutzera eman ditu, Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunen bitartez, jaietako programazioaren barruan antolatutako ekintzak. Hala, abuztuaren 19tik 27ra bitartean, bilbotarrek euskal folklore eta herri kirolen ehundik gora jarduerez gozatu ahal izango dute.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Bilboko Alde Zaharra izango da festa eta tradizioa uztartuko dituzten mota guztietako erakustaldi, alarde, kalejira eta jaien gune nagusia.

Eguneroko kultur planak

Aste Nagusiko 9 egunetan, bilbotarrek eta Bizkaiko hiriburua bisitatzen dutenek egunero dantzaz, herri kirolez, Erraldoi eta Buruhandiez, bilbainadez, bertsolariez, traineruez eta pilotaz gozatu ahal izango dute. Herriko goizak, egunero 10:00etan puntual esnatuko dituztenak txistulariak eta gaiteroak izango dira.

Ondoren, Bilboko Aste Nagusiko altuera handiko beste protagonista batzuek hartuko dute lekukoa, Erraldoiek eta Buruhandi bihurriek. Pertsonaiek, egunero, 11:00etatik aurrera, ibilbide desberdin bat egingo dute Pasoen Museotik abiatuta. Ibilbidea bi ordukoa izango da, eta zuzenean jarraitu ahal izango da Bilbao Aste Nagusia 2023 App ofizialaren bitartez.

Pertsonaia horien egun handia abuztuaren 27an, igandea, izango da, 10: 30ean, Euskadiko hainbat herritatik iritsitako erraldoien XXXI. kontzentrazioarekin. Musika doinuekin, Plaza Biribiletik abiatuko dira 10:30ean.

Datorren irailaren 10era arte, “Bilboko Erraldoiak” erakusketa zabalik, egongo da asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara, Mariaren Bihotza plazako aztarnategian.

Herri Kiroletako goizak

Goizetan, Herri Kirolen erakustaldien txanda ere izango da. Abuztuaren 23tik (asteazkena) 26ra (larunbata), 12:00etan, Arriaga Plazan, herri-kirolen modalitate guztiez gozatu ahal izango da, hala nola harri-jasotze, txingaerutea, aizkolaritza, gizon eta andra probak..., hainbat une nabarmenekin.

Emakumeak eta gazteak ikusarazteko helburuarekin, abuztuaren 23an, asteazkena, Emakumeen Herri Kirolen Eguna izango da, abuztuaren 24an, osteguna, landa-kirolari gazteen txanda izango da eta abuztuaren 25ean, ostirala, Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga klasikoa izango da. Herri kirolen zikloa abuztuaren 26an amaituko da Pentatloi Lehiaketarekin (harri-jasotzea, gizaproba, txingak, aizkora eta korrika).

Bertso eta bilbainaden eguerdiak

Musika ez da Alde Zaharreko kaleetan geldituko, izan ere, 13:00etatik aurrera bertsolariak Santiago Plazan eta Bilbotarrak taldearen bilbainadak tabernaz taberna, guztiek ezagutzen ditugun abesti herrikoiekin giroa alaituko dute.

Bilbainada gehiago entzun ahal izango dira Casilda Iturrizar parkean, 12:00etan, abuztuaren 20tik, igandea, 27ra, igandea. Bilbainadez gain, taldeek doinu habanerak, pasodobleak, hainbat eskualde eta nazionalitatetako folklorea eta musika euskalduna joko dituzte.

  • Igandea 20: Gau Pasa
  • Astelehena 21: Mapamundi
  • Asteartea 22: Los 5 Bilbainos
  • Asteazkena 23: Los Chimberos
  • Osteguna 24: Gau Pasa
  • Ostirala 25: Los 5 Bilbainos
  • Larunbata 26: Mapamundi
  • Igandea 27: Los Chimberos

Lehenengo mailako figuren bertsolaritza saioak Santiago plazan izango dira egunero, 13:00etan, abuztuaren 23an, asteazkena izan ezik, bertso-bazkaria dela eta 14:30ean izango dela.

  • Igandea 20: Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi, Oihana Iguaran eta Igor Elortza.
  • Astelehena 21: Ez da kasualitatea. Oihana Bartra, Miren Artetxe, Alaia Martin, Araitz Bizkai eta Oihana Landa.
  • Asteartea 22: Maialen Akizu, Eneko Lazkoz, Adoni Egaña eta Onintza Enbeitia.
  • Asteazkena 23: Bertso-bazkaria. Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo.
  • Osteguna 24: Miren Amuriza, Sutrai Colina, Peru Abarrategi eta Julio Soto.
  • Ostirala 25: Aitor Mendizule eta Unai Iturriaga.
  • Larunbata 26: Nerea Ibarzabal, Ibon Ajuria, Saioa Alkaiza eta Aner Peritz.
  • Igandea 27: Maialen Lujanbio, Xabat Galletebeitia, Amets Arzallus eta Eli Pagola.

Adiskideak eta Dunbots fanfareek beste erritmo bat jarriko dute abuztuaren 25 eta 26an, 13:00etatik 14:30era, Ledesma eta Diputazio kaleetan, eta 19:30etik 21:00etara, Alde Zaharreko kaleetan.

Pilota eta estropaden arratsaldeak

22, 24, 25 eta 27an Bilbok jada tradizionala den ekimen bat hartuko du: pilota profesionaleko partidak Bizkaia pilotalekuan, X. Bizkaia Torneoarekin eta Aste Nagusiko berezko Torneoarekin, 18: 30etik aurrera. Pala profesionaleko topaketek ere tarte bat izango dute abuztuaren 23an eta 26an. Eta, jakina, baita Bilbao Jai-Alai ere, abuztuaren 25ean, 20:00etan, kirol klubeko frontoian.

Azken asteburuan, abuztuaren 25ean (ostirala) eta 26an (larunbata), Erripako Kaian dagoen pilotalekuan, emakumezko eta gazteen txapelketako partidak jokatuko dira; eskolarteko Bizkaiko haurren artean, senior mailako Joko Alai Tour txapelketako partidak eta Bizkaiko klubetako pilotari beterano federatuak.

Traineruak ere itsasadarrera itzuliko dira Aste Nagusian zehar. Udalak, Deustuko Arraun Taldearekin batera, bi estropada antolatu ditu abuztuaren 20an, igandea. Lehenengo proba, Emakumeen Traineru Ligako Emakumeen Bilboko VIII. Ikurriña Estropada, 17:00etan izango da eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Kantabriako zortzi tripulaziok hartuko dute parte. Eta 17:45ean aurten XLIV. edizioa ospatzen duen Bilbo Hiria Estropadaren txanda izango da.

Aurten ere Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan piraguak doan alokatu ahal izango dituzte nahi dutenek.

Dantzak 19:00etatik aurrera

Aste Nagusiko arratsaldeak, 19:00etatik aurrera, Plaza Barrian egin ohi diren euskal dantzentzat izango dira Bizkaiko Dantzarien Biltzarra (BDB)-ren eskutik, zeinarkein, Udalak urteko hitzarmen bat duen.

Erakustaldiak, erromeriak, larrain-dantza eta alardeak izango dira Bilbon abuztuaren 20tik, igandea, 27ra, igandea:

  • Igandea 20: Zerutxu (Markina)
  • Astelehena 21: Goialde (Erandio)
  • Asteartea 22: Gaztedi (Santutxu)
  • Asteazkena 23: Salbatzaile (Castaños)
  • Osteguna 24: Alkartasuna (Bermeo)
  • Ostirala 25: Urdaibai (Forua)
  • Larunbata 26: Mikel Deuna (Iurreta)
  • Igandea 27: Beti Jai Alai (Basurto)

Aste Nagusiko atal honetako unerik ezagunenetako bat abuztuaren 22an, asteartean, izango da: “Larrain-dantza" ezaguna. Dantza hau herrialdeko dantzarik sustraituenetako bat da eta kate edo bikoteekin dantzatzeko kalejira, fandango, jota, bals, boleroaz osaturik dago. Bilboko Udalak “Euskal Jantziaz” jantzita parte hartzeko deia egin du, "Zatoz zure jantziarekin!" lelopean. Ekitaldia 20:00etan izango da Plaza Barrian.