Síguenos en redes sociales:

Segurtasunaren eta larrialdi-zerbitzuen antolamendua aurkeztu du Bilbok Grand Départerako

Bilboko Udaltzaingoko langile gehienak egongo dira baliagarri Ertzaintzarekin baterako dispositiboetan modu koordinatuan lan egiteko, eta, hala, txirrindulari-lasterketa eta hiri osoko bizilagunen segurtasuna jagongo dituzte.

Gainera, Babes Zibilaren Zuzendaritzak suhiltzaileen dispositibo handi bat prestatu du, zaintza-lanetan eta ekiteko lanetan jardun daitezen, ekainaren 28tik (eguaztena) uztailaren 1era arte (zapatua).

Hala, bada, ekainaren 28an (eguaztena) eta 30ean (barikua), zerbitzuak ohiko guardia baten baliabideak (30 pertsona) izango ditu Miribillako eta Deustuko parkeetan, eta, horrez gain, prebentzioko dispositibo bat ere bai Areatzako Fan Zone delakoan, eta salbamendu ontzi bat hiru langilerekin, Udaletxeko zubiaren eta Areatzako zubiaren artean.

Ekainaren 29an, eguenean, guardia indartu egingo da, eta bi parkeen artean, guztira 35 langile izango dira, eta, halaber, prebentzio-dispositibo handi samar bat taldeen aurkezpen-ekitaldian. Bi salbamendu ontzi ibiliko dira, eta haietako bakoitzean, hiru langile izango dira, Euskalduna eta Salbe zubien artean; gainera, ponpa-auto arin bat ere izango da, beste lau langilerekin.

Azkenik, uztailaren 1ean, lanik handieneko egunean, guardia indartuak 44 langile izango ditu guztira bi parkeen artean, eta prebentzio-dispositibo handi bat ere izango da. Bi salbamendu-ontzi paratuko dira, bakoitzak hiru langileko talde bat izango duela, Deustuko eta Udaletxeko zubien artean; ponpa-auto astun bat ere bai, eta autoeskailera bat, eta erreskateko ibilgailu arin bat (7 langilerekin), Mauricio Ravel kalean; halaber, aginte-ibilgailu bat Tourraren Koordinazio Postuan, helmugaren inguruan (Etxebarria parkea).

Bestalde, Babes Zibileko ikuskatzaileek gertakizunarekin zerikusia duten espazio guztietako olanak eta agertokiak ikuskatuko dituzte: Fan Zone, taldeen aurkezpena, abiatzea, helmuga...