Bilboko Udalak parte hartu du ostiral honetan Valladoliden egin den bide-segurtasunerako eta mugikortasun jasangarrirako hirien VII. Topaketan. Bertan izan da, Bilboko ordezkari, Nora Abete Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia. Zehazkiago, zinegotziak merkantzien hiri-banaketaren panelean parte hartu du.
Bere hitzaldian, ordenantzetan egindako aldaketak azaldu ditu, hirian zamalanak errazteko. Azaldu du zein aldaketa eta hobekuntza egin diren bai aparkatzeari buruzko ordenantzan, baita oinezkoen lehentasunezko guneak arautzen dituen ordenantzan ere.
Lehenengoari dagokionez, Abetek nabarmendu du ibilgailuen aparkamendua arautzeko sistema berritzaile bat abiarazi dutela, merkantziak modu eraginkorragoan eta efizienteagoan banatzeko: identifikazio-txartel bat ezarri dute, zamalan-gune bakoitzean jardutea errazago egiten duena.
Oinezkoen lehentasunezko guneei dagokienez, Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak azpimarratu du ordenantzaren helburu nagusia dela eremu horietan oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetza arautzea, oinezkoei erabateko lehentasuna emanez. Beste helburu garrantzitsu batzuk dira hots-kutsadura eta ingurumenekoa gutxitzea eta bide-segurtasuna handitzea. Horrek, gainera, bide ematen du oinezkoen guneetan zamalanak antolatzeko, eremu horietan merkataritza-potentzialak gora egin du eta.
Zinegotziak Zazpi Kaleetan egindako lanaren adibidea aipatu du. Izan ere, joan den irailetik, ibilgailuen sarbiderako araudi espezifikoa dute han: matrikulak irakurtzen dituzten kameren sistema bat, egiaztatzeko ea sartzen den ibilgailuak baimena duen ala ez. Neurri horren xedea da Zazpi Kaleetan batzen diren interes guztiak zaintzea, eremu hartako merkataritza eta erakargarritasuna mantenduta, modu antolatuan. Hitzaldian, araudiaren bidez ezarritako neurriak azaldu ditu Abetek, xehe-xehe.
Hiri osasungarriagoak lortzeko saiakuntzak
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak, Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioak eta Valladolideko Udalak antolatu dute Topaketa, eta, aurtengo ediziorako, «Guztion artean, hiri osasungarriak» leloa hautatu dute. Horrek islatzen du ingurumen-jasangarritasuna, bide-segurtasuna eta hirietan bizi direnen osasuna eta ongizatea uztartu nahi izan dituztela «osasungarritasun» horren barruan.
Topaketaren bi egunetan zehar, adituek eta erakundeetako arduradunek alor horretako beren ezagutzak eta saiakuntzak partekatu dituzte. Hiri-mugikortasunaren eremuko politikei, araudiei eta saiakuntzei buruz jardun dute, bai eta hiri-inguruneetako emisio txikiko eremuei, garraio publikoari eta bide-segurtasunari, eta merkantzien hiri-banaketari buruz ere (Nora Abetek azken horretan parte hartu du).