Astelehen honetan, abenduak 12, bi erakundeen artean artistak trukatzea ahalbidetuko duen akordioa sinatu egin zuten BilbaoArte Fundazioak eta Veneziako Fondazione Bevilacqua de la Masak.
Truke hori, izan ere, Otaola Ubieta familiaren finantzaketari esker egingo da, berritu egin baitu akordio honen bidez Juan eta Pablo de Otaola beka ospetsua, 1990etik abian dena.
Esker ona agertzearren eta beka hobeto ezagutzearren, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin eta Javier Riaño BilbaoArte Fundazioaren zuzendariarekin batera, harrera egin die Otaola – Ubieta familiaren ordezkariei.
Euskadiko talentu artistikoari babesa ematea
Lehenengo trukea datorren otsailean hasiko da, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan bizi diren eta joan den 24 urte honetan BilbaoArte Fundazioaren bekaren bat jaso duten artistentzat irekia izango da. Proiektuak kalitatearen arabera eta helburuko zentroan bideragarriak direnetz aztertuta hautatuko dira.
Erakunde bakoitzaren gain izango dira bidaltzen duen artistaren gastuak, eta, hala, bidaia, asegurua, dietak eta produkzio-gastuak ordainduko zaizkio, 5.000 euroko aurrekontuarekin. Akordioan sartzen da, orobat, bi urterik behin berrituko den erakusketa bat antolatzea elkarrekin eta aldi berean bi hirietako erakusketa-aretoetan, trukeetan parte hartu duten lau artistei buruzkoa.
Otaola-Ubieta beka
Pablo de Otaolak sortu zuen beka 1989an bere aita Juanen omenez, Basaurin sortu ere, hantxe hasi baitzuen bere jarduera profesionala, eta bekaren xedea da formazio artistikoaren aldeko ekarpena egitea eta Euskadiko autonomia-erkidegoan bizi diren artista plastikoen sorkuntzari laguntzea. Beka honi Gure Artea Saria eman zion Eusko Jaurlaritzak 2014an, Euskadin arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko egindako ekarpenarengatik.
Beka jaso duten 31 artisten artean, 1998an, 2008an, 2011n eta 2019an Gure Artea Saria irabazi zuten Edu López, Asier Mendizábal, Maider López eta Miren Arenzana daude, baita ibilbide artistiko garrantzitsua egin duten Eduardo Sourrouille, Ibon Aranberri, Ixone Sádaba, Jon Otamendi, Nadia Barkate eta Gala Knörr ere.
Bilboko Arte Ederren Museoak euskal arteari buruz antolatu zuen “68aren ostean” erakusketan, Otaola beka jaso duten 11 artista zeuden. 2010ean Pablo de Otaola hil zenez geroztik, haren emazte Begoña Ubietak eta seme-alabek bekarekin jarraitzea erabaki zuten, Parisko Cité Internationale des Arts erakundearekiko lankidetza jorratuzl, baina pandemiaren ondorioz, 2021ean bertan behera geratu zen.
Bevilacqua La Masa Fundazioa
Bevilacqua la Masa Fundazioaren historia 1899an hasi zen, Felicita Bevilacqua dukesa (1822-1899) Giuseppe La Masa jeneralaren alargunak erabaki zuenean bere ondasunak eta jauregia Veneziako Udalari lagatzea. Haren testamentua izan zen, hala, Fundazioaren ondorengo estatutuen abiaburua, eta oraindik ere testamentu hura aipatzen da haietan. Hala, Veneziako hirian, lur emankor bat ezarri zen saiakuntza artistikorako ikerkuntzaren hasieran dabiltzan artistentzat; nazioarteko erakusketa handietatik kanpo, ezarri ere, eta, hala, sortzaile berrien sorkuntza akuilatzearren.
Bevilacqua la Masa Fundazioaren jarduera hainbat lekutara eroan izan da urteetan zehar. Gaur den egunean, lau kokalekutan banatuta dago: San Marco plazako galeria (erakusketa gune nagusia); Tito Palazzettoa (antolakuntzako eta administrazioko bulegoak); Sala del Camino delakoa (bigarren mailako erakusketa-aretoa), eta Carminati Palazzoa eta Cosma eta Damian santuen klaustroa (artisten estudioak).
Hona hemen nazioarteko zein artistari buruz, besteak beste, egin izan dituen erakusketak Fundazioak 1999az geroztik (ehungarren urteurreneko urtea): Jean-Michel Basquiat, Louise Bourgeois, Joseph Beuys, Milton Glaser, Shirin Neshat, Frida Kahlo, Sonia Delaunay, Maya Bajevic, Yoko Ono, William Kentrige, Hiroshi Sugimoto, Jim Hodges, Enrico David, Stefano Arienti, Peter Doig. Gainera, mintzaldi, aurkezpen, mintegi eta proiekzioez beste, atzera begirakoak ere koordinatzen ditu Bevilacqua la Masa Fundazioak, artista berrien kolektiboei buruzko espazio beretan.