Asteazken honetan, abenduak 7, Bilbao Bizkaiak bere burua sustatuko du turismoko helmuga gista Los Angelesen, Kalifornian, egingo den workshop batean.

Ekimen horren helburua potentzial ikaragarri handiko merkatu estatubatuarrarekin loturak sendotzea da, hiribilduaren eta lurraldearen turismo-eskaintzak harrera bikaina baitu bertan.

Erakundeetako ordezkariekin batera, gure inguruko zazpi enpresetako arduradunak joango dira, besteak beste, ostatu, eremu hartzaileko konpainia eta turismo aktiboko agentzietakoak.

Los Angeles hiriko Tatel aurkezpenetarako lokal eta jatetxe ospetsuan antolatuko da workshopa, eta Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariek Bilbao Bizkaia helmuga turistikoa aurkezten hasiko dira. Ondoren, enpresetako arduradunek lan-bilerak izango dituzte tokiko eragile eta bidaia-antolatzaileekin, negozio-bide bateratuak finkatzeko.

Era berean, Kaliforniako turismoan espezializatutako prentsarekin topaketa bat egingo da Bilbao Bizkaiaren erakargarri nagusiak ezagutzera emateko. Horretarako, 360º-ko formatuko aurkezpenak egingo dira, eta, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz, hiribilduaren eta lurraldearen erakargarritasunez gozatzeko aukera emango diete tokiko kazetariei, murgiltze-esperientzia batean.

Jardunaldiari amaiera emateko, Euskadiko gastronomia dastatuko dute, euskal musika tradizionalarekin girotutako saio batean.

Workshop horrek turismoaren esparruko harreman komertzialak sendotu nahi ditu Ameriketako Estatu Batuetako merkatuarekin, pandemiak kontinenteen arteko joan-etorrian izandako eraginaren ostean argi eta garbi suspertzen ari den merkatu bat den heinean. 2022ko urtarriletik urrira bitartean, 47.833 estatubatuarrek bisitatu dituzte hiria eta lurraldea, atzerritik etorritako pertsona guztien % 8,9. Horrek esan nahi du % 0,3ko igoera izan dela herrialde horretako turismoak 2019ko aldi berean izan zuen pisuarekin alderatuta.

Ostatu-gauei dagokienez, pandemiaren aurreko urteko lehen hamar hilabeteetan Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako turistek 92.089 ostatu-gau igaro zituzten (atzerritarren guztizkoaren % 8,2), eta 2022an 92.945. Horrek adierazten du ehuneko puntu erdiko hazkundea (% 0,5) izan dela estatutik kanpoko turismoan, eta % 8,7ra igo da.

Horrela, berresten da Ameriketako Estatu Batuak, ia 48.000 bisitarirekin, Bilbao Bizkaira turista gehien ekartzen dituen herrialde ez-europarra direla. Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua baino ez ditu aurretik, eta azken horrekin aski parekatuta dago 2022ko atzerriko pertsonen sarreren ehunekoari dagokionez. Dudarik gabe, New Yorken sortutako Guggenheim marka, itsasadarrean kokatutako museo ikusgarriari esker azken 25 urtetan Bilbo eta Bizkaiko ikurra izan dena, oso erakargarria da merkatu horretarako.

Turista estatubatuarrek gastu-ahalmen handia dute, eta bi eguneko egonaldiak egiten dituzte batez beste. Profil hori guztiz bat dator hiribilduaren eta lurraldearen eskaintzarekin, zeinaren barruan goi-mailako gastronomiak lehentasunezko tokia baitu. Gainera, Ameriketako Estatu batuek, orokorrean, eta Los Angelesek, bereziki, lotura bikainak dituzte Bilbao Bizkaiarekin Europako aireportu nagusien bidez, eta horrek bide ematen du Atlantikoko beste ertzeko bisitariek gure lurraldea aukeratzeko.

Promozioz beteriko udazken baten amaiera

Ameriketako Estatu Batuetara egingo den bidaia hori Bilbao Bizkaia helmugaren kanpoko promozioari dagokionez bete-beteta egon den udazken honen barruan dago. Hala, Kopenhagen beste workshop baten eta Frankfurten zein Düsseldorfen zentraturik Alemanian egindako roadshow baten ostean, hiribilduak eta lurraldeak nazioarteko ekitaldietara hurbildu dute eskaintza turistikoa, hala nola Global European Marketplace delakora eta World Travel Marketera, biak Londresen, baita Stockholmeko Travel News Marketera ere.

Horrez gain, duela gutxi Bilbao Bizkaiak Valladolid hiriko Intur Azokan ere egin zuen agerraldia. Azoka hori barne-turismoan espezializatuta dago. Eta aste honetan Los Angelesen egoteaz gain, Bilbao Bizkaia Cannesko ILTMn izango da, gaur hasi eta abenduaren 8ra arte antolatuko den luxuzko bidaien industriaren topaketa nagusian. Hurrengo agerraldi handia 2023ko urtarrilean izango da, Madrilgo nazioarteko azoka den FITURen.