Síguenos en redes sociales:

Hasi dira Artxandako egurrezko bigarren pasabidea egiteko obrak

Bilboko Udalak 1.573.968,36 euroko aurrekontua bideratuko du Artxandako egurrezko bigarren pasabidea eraikitzeko. Lanak astearte honetan, azaroak 29, hasi dira, eta iraupen-epea zortzi hilabetekoa izango da. Pasabide horrek Cabras mendia eta Elorrieta lotuko ditu.

Beraz, Artxanda eta Zorrotzaurre artean oinezkoentzako ibilbide irisgarriak sortzeko aurreikusitako bi pasabideak dagoeneko egiten ari dira, azaroaren hasieran lehenengoa egiteko obrak hasi baitziren.

Pasabide biak toki berean hasten dira: BI-604 errepidearen gainean dagoen oinezkoentzako zubian, Esclavas de Fátima ikastetxetik gertu.

  • Lehenengoa Banderas mendiaren gailurreraino igoko da, eta Berriz bidetik jarraituko du, Artxandako Begiratokiko pasealekuarekin bat egin arte. Guztira, 1,5 kilometro.
  • Eta bigarrena Cabras mendiaren hegaletik igaroko da eta Elorrietaraino iritsiko da. Bertan, oinezkoentzako beste bide batekin bat egingo du, Ibarrekolanda bidearekin. Guztira, 1.286 metro.

Zutabe isolatuen gainean bermatuta egongo dira, egurrezkoak izango dira oso-osorik, eta argiak izango dituzte.

Oztoporik gabeko bi metroko zabalera izango du, gutxienez, eta % 8ko gehieneko malda. Era berean, baranda eta eskudel bikoitza egongo dira ibilbide osoan zehar.

Pasabide bakoitzak, gainera, bi begiratoki izango ditu, atseden hartzeko eta Bilboko ikuspegi bikainari begiratzeko. Begiratokien aurreko baranda beira laminatu eta tenplatuzkoa izango da, herritar guzti-guztiek, beren egoera edozein dela ere, aukera izan dezaten paisaiaz disfrutatzeko.

Obra egingo da natura-ingurunea ahalik eta gehien zainduta. Hori dela eta, lanak eskuz egingo dira nagusiki, eta, makinak erabili behar izanez gero, txikiak izango dira, eta ingurune maldatsu hartarako aproposak.