Kalean jarri du Bilboko Udalak InfoBilbaoren ale berria. Guztira 6.200 ale banatuko dira, eta horietatik 4.700 astelehen honetatik aurrera hasiko dira uriko postontzietan banatzen. Ale berri honen gai natusia Otxarkoaga auzoan jarri diren bi igogailu berrien lanak izango da.

Obra horiek, zeintzuk Infobilbao esku-orriaren berri nagusi moduan aipatu baitira, 1.470.930,45 €-ko aurrekontu bat izan dute (BEZa barne), eta aurreikuspena da hamar hilabeteko epean gauzatzea.

Obra horien bidez, Udalaren asmoa da auzoaren barrualdeko mugikortasuna hobetzea, lehendik dauden arkitektura-oztopoak saihestea eta ibilbide irisgarriak sortzea, hala Otxarkoagako inguru batzuen eta besteen artean, bai Txurdinagarekiko loturan.

Hiru esku-hartzeak, hala, Garate kaleak hegotik iparrera egituratutako eremu geografiko batean egingo dira. Kale hori oso aldapatsua da: zati batzuetan, % 15erainoko malda dago.

Jarduketa-eremuaren goialdearen eta beheko aldearen artean, 37 metroko desnibela dago, gutxi gorabehera, eta inguru urbano bat da: plataforma horizontalen gainean eraikitako etxebizitzak, berdeguneak, haur-parkeak, landak eta ostalaritza-negozioak daude bertan. Gaur egun, kaleak lotuta daude eskailera luzeen bitartez eta aldapa handiko zeharkako kaleen bidez.

Beheko igogailu bertikala

Lehenengo igogailuak Garate kaleko beheko aldeari emango dio zerbitzua. CIFP Txurdinaga LHII ikastetxetik, eta Jesus Galindez etorbidea eta Ornilla Doktorearen kalea lotzen dituen biribilgunetik hurbil egongo da.

Izan ere, Jesus Galindez etorbidearen eta Garate kalearen artean dagoen ezpondan sartuta egongo da igogailua. Guztira, 14,76 metroko desnibela gaindituko du, eta geraleku bi izango ditu, 180 gradutan antolatuta.

Nukleo bertikala eta egitura metalikoa izango ditu, eta aldeetako batean beira xaflatua egongo da. Beste hiru aldeetan, berriz, fatxada aireztatuen panelak jarriko dira.

Igogailuaren goiko irteera eta urbanizazioa lotuko dira 16,27 metro luze izango den metalezko pasabide baten bidez.

13 lagunentzako edukiera izango du, eta bideoz zainduta egongo da, eguneko 24 orduetan.

Gaur egun, badira eskailera batzuk Jesus Galindez etorbidea (beheko aldean) eta Garate kaleko 1., 2., 3., 4. eta 5. zenbakiak (goiko aldean) lotzen dituztenak. Bi guneen artean, egoteko leku txiki bat dago, Ugarte kaleko 30. eta 32. zenbakietarako sarbidea ematen duena.

Goiko igogailu bertikala

Goiko igogailua Garaizar kaleko bazterbide txiki batean hasiko da, kale horretako 12. eta 14. blokeen artean, eta Garate kalean amaituko da.

Ezpondan sartuta egongo da, eta, guztira, 17,7 metroko desnibela gaindituko du.

Beste igogailuak bezala, honek ere 180 gradutan egongo diren bi geraleku izango ditu, eta nukleo bertikala eta metalezko egitura bat ere bai; baina, kasu honetan, beira xaflatuzkoak izango dira alde guztiak.

Igogailuaren goiko irteera eta urbanizazioa, berriz, metalezko pasabide baten bidez lotuko dira, zeina 18,32 metro luze izango baita.

Beheko elementu mekanikoak bezala, 13 lagunentzako lekua izango du, eta bideozaintza-zerbitzua edukiko du, eguneko 24ko orduetan.

Bideak Garaizarreko landetan

Garaizarreko landak izeneko eremua Garaizar kaleak, iparraldean Ugarte kaleak eta mendebaldean Garate kaleak mugatzen dute.

Ingurune hartan komunikazio-ardatz irisgarriak egituratzen jarraitzeko, zenbait arrapala eta sigi-saga egingo dira, Ugarte eta Garaizar kaleak lotzeko. Horiei esker, 11 metro inguruko desnibela eta % 14,4rainoko aldapak gaindituko dira.

Gainera, aurreikusita dago ibilbidearen erdian oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea, proiektatutako bideekin haurrentzako jolas-parkerako irisgarritasuna hobetzeko.

Helburua da eremu hartan irisgarritasun integraleko ardatz bat sortzea, lehenengo igogailutik bigarrenera, bide berri horien bitartez. Lau puntutatik iritsi ahalko da bideotara: Garaizar kaleko bi lekutatik, haurrentzako jolas-parketik, eta Ugarte kaleko 28. zenbakitik.