Bilboko Udalak 4.733.680,22 euroko aurrekontua, BEZik gabe, bideratuko du Deustuko Agirre Lehendakariaren etorbidea berritzeko. Lanak astelehen honetan, azaroak 28, hasi dira eta espero da hamabost hilabeteetan amaitzea. Lan hauekin, Udalak espazioa berrantolatu nahi du, oinezkoei protagonismo gehiago emanez. Guztira, 25.805 metro koadrotan jardungo da, Don Bosco biribilgunetik Done Petri plazaraino.
Ekainaren hasieran bukatu zen Done Petri plazako obraren jarraipen estetiko eta funtzionala izango da proiektu hau.
Helburua espazioa berrantolatzea da, kalea gehienbat oinezkoentzat izan dadin, egoteko guneak gehiago izan daitezen, eta landareek eta zuhaitzek protagonismo handiagoa izan dezaten.
Proiektu honen ildo nagusiak honako hauek dira: kalearen egungo sekzioa birplanteatzea, bide-zoruak berritzea eta zoladura berritzea. Hala, bidearen erdiko mehelina kenduko da, errei kopurua murriztuko da eta espaloiaren zabalera handituko da, eta, aldi berean, zenbaki bakoitien aldean noranzko biko bidegorri bat sartuko da.
Horrez gain, pasealeku bat sortuko da, ibilbide osoan egoteko lekuak edukiko dituena, eta berdegune eta landare gehiago ipiniko dira bidearen eta pasealekuaren artean.
Proiektuak argiteria-, saneamendu- eta hornidura-sareak ere berrituko ditu, Done Petri plazan egindakoaren ildotik. Halaber, udal-zuntza, kableatua eta semaforoen kanalizazioa modernizatzea eta ureztaketarako telekudeaketa sartzea du helburu.
Espaloietan, Bilbao motako baldosazko zoladurak erabiliko dira, eta zintarria granitoz egingo da; egoteko guneetarako, berriz, izaera nobleagoko akabera bat planteatzen da, lorategi baten antza duena eta egoteko giro atseginagoa sortuko duena. Horregatik, granitozko galtzada-harriz egindako zoladura bat jartzea pentsatu da.
Zebra-bideetarako, sestra-aldaketetarako (adibidez, eskailerak) edo espaloiko ibilgailu-pasabideetarako (adibidez, pasabideetarako sarbideak), erliebea duten baldosak jarriko dira.
Zuhaitzak berritzea
Eremu honetako zuhaitzak ordeztea planteatzen da. Ordezkapen hori, funtsean, segurtasun-arrazoiengatik egingo da, erorketak eta hausturak izateko arriskuak minimizatzeko; izan ere, lehendik zeuden zuhaitzak egoera txarrean daude, eta sustraiak oso kaltetuta daude, zerbitzuak gero eta gehiagotan igarotzen direlako azken urteetan.
Guztira, 128 zumar kendu eta 125 ale berri landatuko dira. Zuhaitz berrietarako hautatutako espeziea astigar tridentea da. Balio estetiko handiko espeziea da, hiri-ingurunearekin interferentzia gutxiago sortzen ditu, eta gehienez 9 eta 10 metro arteko altuera hartzen du.