Astelehen honetan goizean, Bilboko Udalak 663,5 milioi euroko aurrekontua onetsi egin du 2023rako, hau da, 2022koa baino % 4,8 handiagoa. Udalaren Aurrekontuen Proiektuaren onarpenarekin, historiako aurrekonturik handienak izango ditu Bilbok.
2023ko aurrekontuak osatzeko baliatu diren gakoak direla-eta, aurrekontu onak direla esan ahal da, nabarmenki sozialak, zerbitzu publikoari begiratzen diotenak, erantzukizunezkoak eta errealistak, Bilbo erakargarri, inklusibo eta jasangarri baten alde lanean jarraitzeko modua ematen dutenak, eta udal sail guztien baliabideak emendatzea dakartenak, zeinek bere proiektuak abian jarri ahal izan ditzan.
Datorren urteko aurrekontu-makinariaren lehentasunezko xedeak dira "aurrea hartu ahal izateko" eran egon ahal izatea, alegia, baliabideen kudeaketa on baten bidez orain ezezagunak diren erronkei eta ziurgabetasunei aurrea hartu ahal izatea, Bilboren ekonomia-garapena sustatzea, betiere pertsonarik eta sektorerik zaurgarrienei jarriz arreta eta inor ere atzean utzi gabe, eta Bilboko pertsonen eta auzoen bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak eginez jarraituz.
663,5 milioi euro horietatik, nabarmentzekoa da gastuen kapitulua, zerbitzu publiko oinarrizkoetarako izendatutako partida, 314 milioikoa (saneamendua, argiteria eta zaborrak...); beste 117 milioi euro Udalaren inbertsio publikorako, eta 53 milioi euro auzoetan egitekoak diren jardunetarako.
2023ko proiektuak
Datorren ekitaldiko aurrekontuan era bateko eta besteko proiektuak hartu dira kontuan, uriari haztea eragiteko asmoa dutenak, eta, era berean, eguneroko kudeaketari hots eman, kalitatezko zerbitzu publikoak eduki ahal izateko bilbotarren ongizaterako, eta inbertsioak erakartzeko gune izatearren.
2023an gauzatuko diren jardunen artean daude: Auzokide Planeko obrak, elementu mekaniko eta igogailu berriak, uholdeetarako depositua Deustuibarrean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eta etxebizitza komunitarioetan sartu ahal izatekoak; Lehendakari Agirre Etorbidea berrurbanizatzea; saneamendu-sarea berritzea; enplegu-planak; Frantziako 2023ko Tourrerako prestakizunak, nazioartean eragina duten ekitaldien artean handienetako bat baita; Rodríguez Arias merkataritza-korridorearen obrak; Deustuibarra babesteko hesia; Enekuri-Elorrieta-Artxanda arteko lotura, eta Txurdinaga Ekobulebarreko oinezkoen ardatza; Zorrotzaurren energia berriztagarrien sistema ezartzea; Artxandako kiroldegia berritzea, Itxaropen kaleko pilotalekuaren ekipamendua, Zorrotzeko atletismo-pistako aldagelak eta Errekaldeko errugbi gimnasio berria; Bilbao Arte Museoa handitzea leku berri batean; ur-hornidurako sarea berritzea; etxerik gabeko pertsonendako arreta; Artxandako errepideko pasealekua eta Topaleku parkea berritzea; familia etxegabetuei laguntzea eta bizileku berria aurkitzea haientzat; Maria Díaz de Haro urbanizatzea lehenengo fasean; edadetuen elkarteendako laguntzak; Zazpi Kaleetako argiteriaren efizientzia; Etxebarria parkeko basoa eta agertokia; Zabalako udaltegiko irisgarritasuna hobetzea; la Perrera-Maker gunea; NBEen GJHen bulego berria; Bakearen eta Bizkidetzaren Foroa, edo AHT lurperatzeko aukerak aztertzea, beste proiektu batzuen artean.
Eztabaida saioa
Gaurko Udalbatzaren Osoko Bilkurako saioa amaiturik, onetsiak izan dira 2023ko ekitaldiko kontuak, oposizioko taldeek aurkeztutako osotasuneko zuzenketak ezetsirik. Era berean, Udalaren gobernu-taldeak (EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatua) talde guztien 36 zuzenketa onetsi ditu guztira, 1.339.000 euro egiten dutenak (aurtengo ekitaldiko aurrekontuetarako, 34 zuzenketa onetsi ziren, 1.278.000 euro egin zutenak.
Hartara, EH/Bilduk aurkeztutako 10 zuzenketa onartu dira, 630.000 euroko guztizko balioa dutenak, gazteekin lan egiten duten erakundeei, HIESaren aurkako batzordeari eta T4ri zuzendutako laguntzak, komun publikoak, udal merkatuak, lankidetza eta abar ardatz dituzten proposamenekin.
Bestetik, Elkarrekin/Podemosen 12 zuzenketa onartu dira, 370.000 euro guztira, hiri-udalekuetara, emakumeentzako laguntza humanitariora zein larrialdietako laguntzara, patio inklusiboetara, eskola-igeriketaren sustapenera eta elkartegintzara zuzendutakoak.
Azkenik, Alderdi Popularraren 13 zuzenketa onartu dira, 339.000 eurokoak. Hauen bidez gauzatu beharreko ekintzen artean, nabarmentzekoak dira adinekoen elkarteei eta eskualdeen zentroei zuzendutako laguntzak, baita Santutxuko Alkoholiko Anonimoak, Bizkaiko Elkarte Artistikoa, Aste Nagusia edo taxi-geralekuetako birkarga-guneak helburu dituztenak ere, besteak beste.
Azken irizpenak argi berdea eman die 2023ko ekitaldiko kontuei, eta gehiengo osoz onartu dira, gobernu taldea osatzen duten alderdi politikoen aldeko botoekin eta oposizioko alderdi politikoen aurkako botoekin.
Eztabaida eta onarpen jardunaldi horren ondoren, abenduan egingo den beste osoko bilkura ezohiko batean berretsi beharko da aurrekontua, abenduaren 28an eta izapide hori nahitaez bete beharko da, urtarrilaren 1etik aurrera, datorren urtean Udalaren jarduna arautuko duten kontu berriak abian jartzeko.