Astelehen honetan, azaroak 28, Bilboko Udal Txistulari Bandak 'Izar' izeneko kontzertuarekin itzuliko da Euskalduna Jauregira. Emanaldia arratsaldeko 19.00etan hasiko da, eta 0D Aretoan egingo da.
Txistularien boskoteak Nerea Alberdi eta Koldo Uriarteren musika moldaketek eta txisturako konposizioek osatutako errepertorioa joko du. Denboraldiko hirugarren kontzertu honetan, txistulari boskoteak Borja Muro gitarrista eta Gorka Eskauriaza baxu-jotzailea izango ditu lagun.
Izan ere, Bilboko Txisularien Udal Bandak beti nahi izan du txisturako sorkuntza bultzatu eta bertako musikari gazteei aukerak eta bideak zabaldu. Horregatik, jazz munduan eta soinu banden munduan aritutako bi musikarirengana jo du oraingoan: Nerea Alberdi, ibilbide luzeko musikagile bilbotar gaztea; eta Koldo Uriarte, ikuspegi ia autodidakta batetik jaiotzen diren soinu unibertso pertsonal, delikatu eta minimalistak sortzeko esperimentaziotik eta intuiziotik elikatzen den disziplina anitzeko musikaria.
Ikuskizuna G. Matosek, P. Pérezek, Z. de Abreuk eta S. C. de las Casasek konposatutako “Suite amerikarra” obrarekin hasiko da, Nerea Alberdiren moldaketekin. Ondoren, lau kantu herrikoi eta klasiko, Nerea Alberdi eta Koldo Uriarteren musika moldaketekin eta “Lolita la huérfana”, Nerea Alberdik berak konposatutako lana.
Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, Euskalduna Jauregiaren webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.
Abenduan jada, Bandak bi kontzertu eskainiko ditu elkarlanean, Aitor Huarte, Inar Lezaun eta Uxue Ardanaz-ekin, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko txistu ikasleekin agertokia partekatuz. Lehen kontzertua abenduaren 17an izango da, larunbata, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean; eta bigarrena, abenduaren 19an, astelehena, Iruñeko Kondestablearen Jauregian.