Síguenos en redes sociales:

Orue Txaletean espetxeratutako emakumeak omenduko ditu Bilbok larunbatean

Larunbat honetan, azaroak 26, frankismoaren garaian Santutxuko Orue Txaletean espetxeratu zituzten emakumeei omenaldia egingo die Bilboko Udalak, plaka bat jarriz.

Juan Mari Aburto Alkatea buru eta Udal Korporazioko kideak zein Gogora Institutuaren eta alderdi eta memoria-elkarteen (EAJ-PNV, PSE-EE, PCE-EPK, ANV, CNT, UGT, Sabino Arana Fundazioa, Ramón Rubial Fundazioa) ordezkariak tarteko direla, herritar guztiak gonbidatuta dauden lore-eskaintza egingo da.

Ekitaldia Zabalbide kalearen (Begoñako Andre Mariaren Ikastetxearen parean) eta Fagoaga Tenorra kalearen (Karmeloko metro-irteeraren ondoan) artean dagoen parterre berrian egingo da. Haritz gazte baten ondoan jarritako 100x30 zentimetroko plaka oroigarriak betiko gogoraraziko ditu Orue Txaletaren irudia eta kokapena, oroitzapenezko testu honexen laguntzaz: “Orue Txaleta (espetxea, 1937-1942) Frankismoak Bilboko kartzeletan errepresaliatutako emakumeen omenez / Chalet Orue (cárcel, 1937-1942) Homenaje a las mujeres represaliadas por el franquismo en las cárceles de Bilbao. 2022.11.26”.

Txaletaren jabea Orue familia izan zen, tradizio karlistakoa eta oso ezaguna garai hartako Begoñan, Gerra Zibilaren hasieran ihesari eman behar izan ziona. 1942az geroztik, eraikina Santa Marta Klinika izan zen, eta 1967tik 1968ra bitartean eraitsi zuten Remigio Gandasegi Monsinorea kaleko egungo etxebizitzak eraikitzeko.

Omenaldia

Ekimena memoria-elkarteen eskariz sortu da, eta aukeraz baliatuta, Bilboko Udalak omenaldia egin nahi izan die Hiriko espetxeetan zigor gogorrekin preso sartu zituzten emakume guztiei: Larrinagako kartzelakoei, gizonezkoen espetxe hau emakumeak kartzelaratzeko erabili baitzuten frankismoaren hasierako urteetan, eta Larrinagako kartzelaren saturazioagatik espetxe bihurtu zuten gertuko Orue Txaletekoei.

Ekitaldiaren helburua etxe zahar horretan gertatutako basakeriak ahanzturatik berreskuratzea da, izan ere, bost urtez ehunka emakume giltzapetu zituzten, batzuetan seme-alabekin batera, ideia politikoengatik edo emakume izateagatik.

Emakume preso askok, gaizki elikatuta eta baldintza penagarrietan pilatuta, torturak, bortxaketak eta bestelako umiliazio publiko eta pribatuak jasan zituzten, heriotza barne. Horrren harira, beren-beregi gogoratu behar da 11 emakume bizkaitar exekutatu zituztela Orue Txaleta emakumeen espetxe izan zen denbora-tartean.

Zenbait ikerketaren ondoren, ahanzturatik berreskuratu ahal izan dira fusilatutako 11 emakume haiek:

  • María Fernández García, Barakaldokoa, 53 urte, lanbidez saltzailea eta UGTko afiliatua
  • Elvira Martínez Pascual, Bilbokoa, 48 urte, lanbide ezezagunekoa eta PSOEko afiliatua
  • Teresa Chiches Ledesma, Bilbokoa, 26 urte, fabrikako jornalaria eta komunista
  • Cecilia Idirin Garate, Basaurikoa, 24 urte, lanbide eta afiliazio ezezagunekoa
  • Ana Naranjo Martín, Sestaokoa, 54 urte, lanbide ezezagunekoa eta sozialista
  • Juana Mir García, Bilbokoa, 32 urte, kazetaria eta abertzalea
  • Berta Peña Parra, Sestaokoa, 42 urte, etxeko langilea eta sozialista
  • Adelina Fernández Pérez, Bilbokoa, 48 urte, arrain-saltzailea eta CNTko afiliatua
  • Feliciana Echave Artola, Bilbokoa, 39 urte, etxeko langilea eta afiliazio ezezagunekoa
  • Juana Abascal Nicolás, Castro-Urdialesekoa, 29 urte, afiliazio ezezaguneko jornalaria
  • Leónides Antruejo Lorenzo, Sestaokoa, 35 urte, etxeko langilea eta sozialista

Bilbok emakume horiek guztiak gogoan izatea da zapatuko ekitaldiaren helburua, eta herritar guztiak gonbidatuta daude horretan parte hartzera.