Elikadura osasungarria sustatzeko duen programarengatik saritu dute Bilboko Udala
Datorren ostiralean, azaroak 4, sari berezi bat jasoko du Bilboko Udalak Cadizen, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP) antolatutako Ekonomia Zirkularreko Tokiko Jardunbide Egokien lehen saria irabazi baitu, Espazio eta Jokabide Osasungarrien kategorian, elikadura osasungarria sustatzeko duen programarengatik.
Sari horietan ekonomia zirkularra sustatzeko konpromisoa hartzen da, garraio garbien, energia-eraginkortasunaren eta hazkunde berdea lortzeko irtenbide berritzaileen aldeko apustua egiten duen ereduaren alde.
Tokiko ekintza zirkularren lan onari ematen zaizkio sariak, bost kategoriatan: baliabide naturalen erabilera minimizatzea; ur-kontsumoaren kudeaketa; hiri-espazioen jasangarritasuna; espazio eta jokabide osasungarriak; eta zeharkakotasun-politikak.
Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumoko zinegotziak, saileko teknikariek egindako lana eta saria eskertu ondoren, gogorarazi du elikadura osasungarria sustatzeko programa egoera zaurgarrian dauden kolektiboei zuzenduta dagoela, hala nola adinekoei, desgaitasuna duten pertsonei, desplazatuei, migratzaileei edo baztertuta dauden gazteei, besteak beste.
“Saritutako programa garatzeko eta osatzeko, parte-hartze bidezko prozesu komunitarioak ireki ziren inplikatutako eremuko tokiko osasun-sarearekin, eta eduki egokiak eta hartzaile diren kolektiboei egokituak definitu ziren”, adierazi du Yolanda Díezek.
Programaren barruan daude bizimodu osasungarriak eskuratzeko norbanakoen eta komunitatearen gaitasuna indartzea bilatzen duten jarduerak.
Lehenik eta behin, saio teoriko-praktikoak egiten dira programaren hartzaile diren kolektiboekin, eta, ondoren, sukaldaritza-praktikak talde horiekin, Ostalaritzako Goi Eskolako langileek zuzenduta, Erriberako Merkatuko Sukaldaritza Eskolan, Bilbao Zerbitzuak erakundearekin lankidetzan.