Harrera bikaina izan du amaitu berri den asteburu honetan ospatu den Open House Bilbao jaialdiaren seigarren edizioak. Guztira, 22.000 pertsona inguruk bisitatu zituzten Bilboko leku esanguratsuenak.

‘Zentzumenen hiria’ goiburuarekin, Open House Bilbao jaialdiaren edizioa hasiera-hasierako formatura itzuli da, bi urtez pandemia izan ostean, eta ez da izan beharrezkoa aldez aurretik izena ematea ikustaldietan parte hartzeko.

Guztira, 64 gune ireki dira jendeak ikusteko. Gehien ikusi diren eraikinak, aldi honetan, ikustaldi gehien jaso dituzten eraikinak Deustuko Sifoia, Ibaigane eta Olabarri Jauregia izan dira. Interes handia piztu dute, halaber, Casa Aburtok eta Hotel Taykok; eta kalean gehien interesatu diren jarduerak itsasontziz egindako ibilbideak eta egileen bisitak izan dira.

Eta gauzatu ahal izateko, bostehun boluntariok baino gehiagok parte hartu dute, zeintzuek, beste behin ere, altruismoz lagundu duten jaialdia gauza dadin.

Open House arkitekturari buruzko jaialdi bat baino askoz gehiago da. Aukera bat da herritarrek beren uriari buruzko oharmena emenda dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bidez, arkitektura eta hirigintza ematen dira ezagutzera, haien zabalkundea egiten eta jendarteratzen da, publiko zabal baten artean, eta parte hartze bidez.

Antolatzaileak

Open House Bilbao, izatez, OUT elkarteak diseinatu eta antolatutako ekitaldi bat da; OUT irabaziak egiteko xederik gabeko elkarte bat da, tokikoa, hiri-berritzean, arkitekturan, eta herritarren parte hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.

Historia. Open House Worldwide

Open House nazioarte-mailako jaialdi bat da, arkitekturari eta hirigintzari buruzkoa; 1992an egin zen aurrenekoz Londresen. Haren xedea da herritarren artean diseinuaren eta arkitekturaren presentzia sustatzea.

Urteetan zehar, jaialdia beste hiri batzuetara ere zabaldu da, arkitekturan eta diseinuan abangoardian dauden hirietara. Une honetan, 45 hiritan baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen. Open, beraz, hirien sare bat da, aukera ematen duena elkarren artean lan egiteko eta elkarrekin ikasteko, eta sinergiak eragiteko Open House Worldwide familiako kideen artean.

Open House Worldwide sarea hazten ari da etengabe; mundu-mailako plataforma bat da, arkitekturaren zabalkundeari dagokionez, hirietako ekimenak kokatzeko eta ezagutarazteko.

Open House mundu osoko fenomeno bat da, balio berdinak dituena mundu osoan, baina uri bakoitzak bere tokian jokatzen duelarik, ezaugarri hori funtsezkoa baita uri jakin batean arrakasta izan dezan. Programak tokian tokiko ingurunearen berezitasunen araberakoak dira.

Open House Bilbaoren lehenengo edizioa 2017an egin zen, eta jendearentzako 47 espazio ireki izan ziren, uri osoan zehar; 2018an, aldiz, 67 izan ziren espazioak (54 Bilbon eta 13 Barakaldon); 2019an, ordea, 81 (53 Bilbon eta 15 Barakaldon, eta 13 Getxon), eta are 81 ere (53 Bilbon, 15 Barakaldon eta 13 Getxon), 2019ko aldian. 2020an eta 2021ean, formatua urritu egin behar izan zen pandemiarengatik, eta 202an 26 eskaini ziren, eta 2021ean 49, eraikin eta espazio publikoen artean.