Astelehen honetan arratsaldean, urriak 3, Finlandiako enbaxadorea den Sari Rautio hartu du udaletxean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok.

Sari Rautiok, 49 urte, lau hizkuntza menderatzen ditu (finlandiera, gaztelania, ingelesa eta frantsesa) eta beste hiru hizkuntzaren (suediera, errusiera eta amhariera) oinarrizko ezaguerak ditu. Ezkondua eta alaba baten ama, Gizarte Zientzietako Masterra egin zuen Tampereko Unibertsitatean (Finlandia), eta 2000ko ekainaz geroztik, herrialde horretako Kanpo Arazoetako Ministerioan lanean hasi eta erantzukizun goreneko postuak betez joan da, Finlandiak Adis Abeban (Etiopia) eta Moskun (Errusia) dituen enbaxadetan nahiz Finlandiaren Europar Batasuneko Ordezkaritza Iraunkorrean.

Finlandiako Kanpo Arazoetako Ministerioko EBko Kanpo Politikako eta Baterako Segurtasuneko Zuzendaritzan eta Segurtasun Politikako eta Krisia Kudeatzeko Zuzendaritzan egon ondoren, Rautio 2022ko irailean jabetu zen Enbaxadore karguaz Finlandiak Madrilen duen legazio diplomatikoan, 2018ko otsailean Bilboko Udala ofizialki bisitatu zuen aurreko enbaxadore Tiina Jortikka-Laitinen-i lekukoa hartuz.

Bilbora egindako bisita ofizial honetan, Finlandako Enbaxadoreak gaurkotasunezko gaiak jorratu ditu Aburto Alkatearekin, kultura, turismo eta ekonomiaren arloetako lankidetzan zein bi aldeen intereseko beste eremu batzuetan aurrera egiteko oinarriak sendotuz.

Horren harira gogoratu behar da, otsailean, Finlandiako Tampere hirian, Bilbo Bizkaiak lehenego aldiz parte hartu zuela nazioarteko konektibitatearen ekitaldirik garrantzitsuenetakotzat jotzen den Connect azokan. Bertan, nazioarteko hainbat aire-linearekin bildu zen; besteak beste, Bilbo Bizkaiarentzat estrategikotzat jotzen den Eskandinaviako merkatuan diharduen Finn Air konpainiarekin.