Bilbok parte hartuko du datorren asteazken eta ostegunean ospatuko den Nazioz Gaindiko topaketan. 'Communauté d'Agglomération Pays Basque-Euskal Hirigune Elkargoak antolatutako ekitaldi hau Baionan ospatuko da bi egun horietan zehar, eta Bilboko Udalaren ordezkaritza egongo da bertan bai asteazkenean, bai ostegunean.
Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako, Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzi-ordezkariak ordezkatuko du Bilboko Udala, eta, berarekin batera, Gasteiz, Donostia, Miarritze, Hendaia, Errenteria, Baiona eta Jakako erakunde-ordezkariak ere izango dira.
Erakunde arteko topaketa honen xedea da balioa ematea eta agerira ekartzea herri horien arteko mugaz gaindiko loturak.
Agirregoitia zinegotziak bihar (osteguna) parte hartuko du mahai-inguru batean, zeinare goiburua "Hiriak, mugaz gaindiko partaidetza eraikitzeko ardatzean" baita.
Mahaiari hasiera emateko, ORKESTRA Lehiakortasunaren eta Lurralde Politiken Ikerketarako Euskal Erakundeko ikertzaile Miren Estensorok hartuko du parte, eta moderatua izango da France Bleue Pays Basqueko Ttotte Darguy eta Euskadi Irratiko Karmele Arzak kazetariekin.
Argazki erakusketa
Bilbok, halaber, topaketen kariaz antolatu den argazki-erakusketa batean parte hartuko du, zeinaren izenburua hau baita: "Berriz ere elkarrekin bizitzea usadioko bestak". Horrekin, herri bakoitzeko besten irudiekin, erakustera eman nahi da nola pandemiaren ostean berriz ere elkartu garen ospakizunetara. Erakusketa Baionako "Askatasun plazan" egongo da, hilabete batez.