Bilboko Udalak aurkeztu berri du Zumalakarregi etorbideko aldatza berritzeko lanen proiektua. Konkretuki, Guridi Musikariaren plazaren eta San Agustin biribilgunearen arteko tartean egingo dira hobekuntzak.
Proiektuak osotarako jardun bat dakar Bilboko sarrera horretarako, zirkulazioa baretuz eta oinezkoendako loturetan hobekuntzak eginez.
Berritzeko lanen artean dator, halaber, bidegorri berri bat, beste urrats bat eginez bidegorri-sarea osatzeko, zeina geroagoko fase batean areago hedatzekoa baita.
Era horretan, bada, Zumalakarregi etorbideko aldatsa berritzeko eta hobetzeko lanak, lehen fase honetan, datorren urtean hasiko dira, eta, orduan, beheranzko aldatseko bi erreietako bat ezabatuko da galtzada horretan, bidegorri berri bat jartzeko, bi noranzkoduna; aldiz, beren horretan utziko dira aldats gorako bi erreiak.
Halaber, oinezkoendako bi pasabide berri egingo dira, bata Metroko irteeraren parean eta bestea beilatokiaren parean, eta, hala, hobetu egingo da beste azpiegitura batzuekiko lotura, eta, horrekin, espero da oinezkoen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea.
Semaforoak jartzeaz gain, eraikuntza-proiektuak berekin dakartza beste zenbait lan ere, hala nola asfaltatzea, saneamendu eta hornikuntza sareak berritzea, seinaleak jartzea, azpiegitura batzuk eraitsi eta desmuntatzea eta argiztapena hobetzea ibilbide osoan, oinezkoen eta bizikletarien segurtasuna areagotzearren.
Era berean, azterlan bat egingo da inguruko paisaia birnaturalizatzeko.
Etxebarria parkearen eta San Agustin biribilgunearen arteko bidegorriak, zeina gaur aurkeztu baita, 660 metroko ibilbidea du, eta egungo sarearen 60.680 metroei erantsiko zaie; horietatik 23.424 metro bizikletendako bakarrik bereiziak dira, eta 37.256 metro beste ibilgailu batzuekin batera erabiltzeko.
Bidegorri hau oso garrantzitsua da, eta ez da azpiegitura-tarte berri bat abian jartze soil bat, beharrizan bati ere erantzuten zaio, segurtasunez lotzen baitira hiriaren goiko aldea eta beheko aldea.
Hain zuzen horretarakoxe, bigarren fase batean, bidegorri berriari jarraipena emateko lanei ekingo zaie (Udaletxeko biribilguneraino), goiko aldearen eta beheko aldearen arteko lotura hori bi bidegorrirekin bururatzearren, zeintzuk itsasadarraren ertz bien ondotik baitoaz, bata Deustu-San Ignazio noranzkoan eta bestea Basurtu-Errekalde noranzkoan, eta zeintzuek, aurki, bat egingo baitute Getxorekin (lehenak) eta Barakaldorekin (bigarrenak).
Horrez gain, goiko alde horretarako, Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila elkarlanean ari da bidegorri berriari jarraipena emateko proiektuan, Maurice Raveletik hasi eta Salbe zubiraino.
Gainera, Bilbok apustu egin du hiri-mugikortasun jasangarriagoaren alde, eta proiektu horiek baino harago joko du, zeren eta, epe ertainean, asmoa baitu Iralako eta Miribillako auzoak lotzeko Eskurtze parkean zehar, eta nahikoa aurreratuta dauka horretarako proiektu baten diseinua. Bestalde, segurtasuna hobetzeko zenbait jardun ere aurreikusten dira, kale horietan lotu gabe dauden tarte berrien zoladura eta konexioa hobetzearren, guztiak ere bidegorrien sare seguru eta osatu bat ehuntzearren.
Bizikleta geroz eta gehiago erabiltzen da garraiobide moduan Bilbon, lehen bidegorria abian jarri zenez geroztik, San Ingazio eta Deustu artean. 2000. urtean, 1,8 milioi bizikleta-igarotze erregistratu ziren, eta 2021ean, 2,3 milioi, eta aurtengo abuztura arte 1,4 milioi. Gaur den egunean, Bilbobizi bizikletak mailegatzeko zerbitzuak 17.213 erabiltzaile dauzka.