Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bai gaur bertan hasiko den Mugikortasunaren Aste Europarrarekin. Esan bezala, ekimena gaur inauguratuko da eskolara joan bitartean umeen segurtasuna bermatzeko helburu duen 'Caminos Escolares - Eskola Bideak' programari buruzko erakusketa batekin.

Horrela, bada, EMA 2022an, eskolara bidean doazen sei eta hamabi urte bitarteko haurrak izango dira protagonista, Europar Batasunak «Gazteriaren Urtea» izendatutako honetan. Helburua izango da pandemiaren ostean gainontzekoekin berriro konektatzea eta gazteak ahalduntzea, etorkizun jasangarriagoa, ekologikoagoa eta inklusiboagoa sortzeko.

Hain zuzen ere, gazteak izan ziren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren fokuan egon zirenak, 2017an «Caminos Escolares-Eskola Bideak» programa inplementatzen hasteko prozesuari ekin ziotenean, herritar aktiboak balioetan heztea sustatzeko estrategia gisa. Umeak etxetik eskolara joateko ibilbide seguruak sortzeko prozesua Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin lankidetzan eta Solasguneren laguntza teknikoarekin abiarazi zen.

Joan den ikasturtean, 15 ikastetxetako sei eta hamabi urte bitarteko 750 eskola-ume joan ziren klasera bakarrik, ibilbide seguruetatik. Horrela, haurren autonomia indartu, eskolen sarreretan kotxe gutxiago egotea ahalbidetu, eta ekimenean parte hartu zuten eskolen inguruneko kutsadura ere gutxitu da. Mina del Morro, Pagasarribide eskola, Indautxuko eskola, Gallego Gorria eskola, Artxandape Ikastola, Kirikiño Ikastola, Iruarteta, Tiboli eskola, Cervantes eskola, Intxixu Ikastola, Mujika eskola, Maestro García Rivero eskola, Karmelo Ikastola, Luis Briñas eskola eta Juan Delmas eskola dira parte hartzen dutenak.

Eskola bideei buruzko erakusketa

2 x 2,25 metroko 15 kartelek osatzen dute udaletxe ondoko aterpeetan aurkeztutako erakusketa, zeinak programa irudikatzeko, ekimena ezagutarazteko, eta irakasleei, guraso-elkarteei eta gurasoei ekimenean sakontzera animatzeko helburua baitu. Programaz beraz gain, erakusketak beste garai batzuetako ohiturak ere islatzen ditu: kalea modu erabat normalizatuan erabiltzen zen garaiko usadioak.

Irailaren 18an (domeka), erakusketa Kale Nagusira eramango dute, eta, gero, gaia landuko duten Bilboko beste ikastetxe batzuetara.

«Caminos Escolares-Eskola Bideak» proiektuak urteak daramatza lanean gogor, Bilboko ikastetxeekin eta uriko haurren familiekin. Ekimenaren ondorio nagusietako bat da gero eta gehiago direla klasera oinez doazen eskola-umeak, eta hori oso onuragarria dela Bilbon bizi diren guztientzat: zarata gutxiago, aire garbiagoa, kale dinamikoagoak, eta harreman aberatsago eta askotarikoagoak dakartza. Horrez gain, programak agerian jarri du helduok hirietan bizitzeko ezinbestekoa den gaitasun bat garatu beharra daukagula: enpatia.

Bestalde, proiektuak egiaztatu du haur gehien-gehienak, oraindik, heldu batekin doazela eskolara, umeek bakarrik joateko guraria adierazi duten kasuetan ere bai. Horrek aditzera ematen du umeek beren bizipenak modu autonomoan bizitzeak duen garrantzia ahazten dugula sarri: xehetasunei erreparatzeak, ezkutatzeak, urratzeak, deskubritzeak, galdetzeak, konpontzeak, imajinatzeak… duen garrantzia.

«Txikiei esker ikasi du programak bizitza hazi eta onduz doan bideak antzematen. Ezagutzen ez genuen hiria erakutsi digute, beren begirada berezitik: "1,10 metrotik", Francesco Tonuccik esango lukeen moduan. Aditzen ikasten ari gara: haurrei aditzen; haiek bertan direnean, kaleen jabe egiten direnean, beste soinu bat duen hiriari aditzen. Umeek hiria sentitu eta bizitzeko duten modua ikasten eta ulertzen ari gara: zeintzuk diren beren beharrizanak, gurariak eta ardurak».

Postal-formatua duen erakusketak ikusleak gonbidatzen ditu beren hausnarketak jasota uztera, postalak bidaliz.