Datorren asteartean, irailak 13, amaitzear dagoen agintaldiaren balantzea eta hurrengo erronken aurrerapena egingo ditu Juan Mari Aburtok. Bilboko alkateak goizeko hamarretatik aurrera emango ditu udal kudeaketaren kontuak.
Aurtengoan, saioak garrantzi handia izango du, bai Udalbatzari begira, bai herritarrei begira. Izan ere, aurreko bi urteetako bilkurak online egin behar izan ziren, covid-19 pandemiaren eraginez. Datorren martitzenean, ordea, hitzordua presentziala izango da. Hain zuzen ere, agintaldi honetan modu presentzialean egingo den lehenbizikoa izango da.
Juan Mari Aburtok udal gobernuak burutu dituen eta konprometituta dauzkan ekintzen balantzea egingo du. Gainera, “munduaren eta gure uriaren jarduna” eten zuen birusak eragindako osasun- eta ekonomia-krisia arintzeko “premiaz” abian jarri ziren ekintzak aztertuko ditu.
Koronabirusari aurre egiteko martxan ipini ziren neurri horiek guztiak, alkatearen ustetan, “udal talde politiko guztien akordioaren eta adostasunaren emaitza izan ziren. Oso urte zailak izan dira udala kudeatzeko eta gobernatzeko. Egoerari aurre egin diogu, etengabe lan eginez, premia behinenei erantzunez, baina epe luzeko ekintzak ahaztu gabe”.
Uriaren egoerari buruzko osoko bilkura honetan, alkateak gogoeta eta analisi bat egingo du uriaren egungo ekonomia- eta gizarte-egoerari buruz, “uria suspertzen ari den momentu batean, baina betiere erronka berrien aurrean gehiegi lasaitu barik”. Ildo horretan, “Bilbo maila guztietan ondo posizionatuta egon dadin eta etorkizuna izan dezan bermatuko duten proiektuak” aurreratuko ditu.
Agintaldiko azken osoko bilkura
Udal Araudiak agintzen duenez, uriaren egoerari buruzko osoko bilkura urtean behin egiten da, eta irailaren 30a baino lehen beti; ostera, hauteskundeak izaten diren ekitaldietan, ezin da egin. Era berean, bilkura ezohiko honetan, gainerako osoko bilkuretan ez bezala, ezin da erabakirik hartu.
Datorren irailaren 13an izango da, martitzenean, goizeko 10:00etan hasita, alkateak uriaren egoera orokorrari, balantzeari eta haren ezaugarri nagusiei buruz egingo duen azalpen zentral batekin. Etenaldi baten ondoren, eztabaidari ekingo zaio, talde politiko guztien hitzaldiekin, ordezkaritza txikiena duenetik handiena duenerako hurrenkeran parte hartuko dutelarik, eta gehienez ere 15 minutu izango duelarik bakoitza (hau da hurrenkera: PP; Elkarrekin Bilbao-Podemos/Ezker Anitza-IU/Equo-Berdeak; EH Bildu; Euskal Sozialistak eta EAJ-PNV). Ondoren, beste etenaldi bat egingo da, eta Udalbatzarra amaitzeko, Juan Mari Aburto alkateak erantzuteko azken txanda izango du, gehienez ere 15 minutukoa.
Osoko bilkura hau agintaldiko hirugarrena izango da, azkena. Aurreko bi ekitaldiak ez ziren presentzialak izan, COVID-aren ondorioz. Modu berean, gisa honetako bosgarren osoko bilkura izango da, alkateak 2017an berriro ezarri zituenetik (aurreko urteetan ez ziren egiten).