Urtero bezala (koronabirusaren pandemiak bi urteko etenaldia eragin aurretik), harrera bikaina izan du igande honetan arratsaldean ospatu den balearen desfileak.

Umeek gehien itxoiten zuten ikuskizunik ezagunenetakoa kalejira handiarekin itzuli da. Plaza Biribiletik abiatuta, Bilboko Kale Nagusiko bidea egin du Moyua plazaraino. Musika eta kolore leherketa handia izan da, eta itsas gaiak dituzten bost puzgarri erraldoi izan dira protagonista. Baly balea buru eta Olagarroa, Txangurroa, Bisigua eta Txirla lagun.

Gainera, lurreko zenbait ordezkarik ere desfilatu dute: hartz taldeak, hamabi metroko matxinsaltoak, ura botatzen zuen armiarmak eta beste intsektu batzuk, eta Amazoniatik iritsitako bost animalia erraldoi dibertigarrik (Kamaleoia, Igela, Glaucus-a, Lagarto King eta Guakamaioa).

Ikuskizunaren hasieran arrantzaleek jaietako elementuak dituzten paperezko poltsak banatu dituzte desfilean zehar mota guztietako musika estiloak dantzatu ahal izan dituzten ikus-entzuleen artean: jazza, funkya, Brasilgo eta Karibeko erritmoak, euskal musika tradizionala, txarangak eta fanfarreak

Kalejira igaro ondoren, Udaleko garbiketa-talde bat arduratu da hondakinak kentzeaz eta Kale Nagusiko espazioa eta ingurua egokitzeaz.

Aburto, Gastrotxiki lehiaketan

Bestalde, gaur goizean, “Gastrotxiki” tradizionalaren hiru jardunaldietako lehena egin da Areatzan, 2022ko Aste Nagusiko Lehiaketa Gastronomikoaren barruan, Bilboko Konpartsek antolatuta. 11:30ean, bilbotar txikienek hasiera eman diote lehiaketari, entsalada-errezetak prestatuz. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko zinegotziak eta Udal Korporazioko beste kide batzuek ez dute hutsik egin sukaldaritzako hitzordu horretara.

Urtero bezala, Mercabilbaok bat egiten du ekimenarekin eta errezetak prestatzeko beharrezkoak diren osagaiak hornitzeaz arduratzen da. Hori guztia, kultura gastronomiko osasungarria sustatzeko etxeko txikienen artean. Elikagaien hornidura-merkatuak amantal bana eta ontziak eman dizkiete parte-hartzaileei, prestatu dutena etxera eraman ahal izan dezaten.

Haurrak berriro bilduko dira Areatzan abuztuaren 24an eta 26an, egun bakoitzeko bi saioetan, 11:30ean eta 12:30ean, hurrenez hurren. Eguaztenean, hilak 24, gildak prestatzen ikasiko dute, Ibarrako piperrekin, antxoekin eta olibekin. Barikuan, hilak 26, fruta-brotxetak egingo dituzte.