Getxo Kirolakeko abonatuek dagoeneko erabil ditzakete, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako KirolTxartela Mugiment ekimenarekin bat egin duten herrietako kiroldegiak. KirolTxartela Mugiment martxan jartzeko beharrezkoa izango da, noski, telefono mugikorrerako aplikazioa deskargatzea eta erregistratzea.

Euskadin jarduera fisikoa sustatzeko ekimen honi atxikitako udalerri bakoitzak finkatzen ditu bere instalazioen erabilerari eta ordutegiari buruzko baldintzak. Getxoren kasuan, beste udalerri batzuetan harpidetutako pertsonek erabili ahal izango dituzte, betiere eskuragarri daudenean eta aurretiazko hitzorduarekin, honako instalazio hauek: Gobelako tenis pistak; eta Fadurako tenis pista irekiak, atletismo pista, belodromoa eta trinketea. Ekipamendu horiek asteko egun guztietan erreserbatu ahal izango dira 8:30etik 16:30era.

KirolTxartela Mugiment erabiltzeko beharrezkoa da telefono mugikorrerako aplikazioa deskargatzea eta erregistratzea. Atxikitako udal zerbitzu publikoetako bateko partaide izatea egiaztatu ondoren, txartel birtuala erabiltzen hasi eta erabili nahi diren instalazioetara joan daiteke.

Gaur egun, 53 euskal udalerri daude ekimenari atxikita, eta horien artean, Getxotik gertu, Bilbo, Sopela, Erandio, Portugalete, Santurtzi eta Barakaldoko kiroldegiak nabarmentzen dira.

Telefono aplikazio berean edo www.kiroltxartela.eus+ webgunean kontsultatu daitezke kirol zerbitzu bakoitzak interesatuen eskura jartzen dituen instalazioak. Informazio gehiago eskuratzeko, nahi duenak harremanetan jar daiteke Fadurako (94 430 80 70) edo Gobelako (94 404 51 51) jendaurreko arreta-bulegoekin.