Bilbok ume eta familiei zuzendutako doako programazio zabala eskainiko du Aste Nagusian. Horien artean Casilda Iturrizar Parkeko Txikigunean, umeen gune nagusian, balioei eta Garapen Jasangarriko Helburuei (GJH) buruz ikasiko dute modu ludiko, dinamiko eta parte-hartzailean, goiz eta arratsaldeko 33 jarduerarekin.

Bestalde, Balearen Desfilea abuztuaren 21eko arratsaldean izango da, Baly balearen gidaritzapean, Olagarroa, Txangurroa, Bisigua eta Txirla lagun dituela. Txikienak Erraldoiekin eta Buruhandiekin gozatuko dute egunero bi orduz, 11:00etan Euskal Museotik abiatuko den kalejirarekin. Azkenik, Alde Zaharreko kale eta plazetan ehun hitzordu baino gehiago izango dira euskal kulturarekin eta herri kirolekin, eta horietan Euskadiko ohitura eta tradizioei buruz ikasteko aukera izango dute familiek.

TXIKIGUNEA, “PLANETA SALBATZEKO GUNE UNIBERTSALA”

Abuztuaren 21etik 28ra (igandetik igandera), Umeen Txikigune Parkea, umeen eta familien topagunea izango da berriro ere Aste Nagusian. Aurten, NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) izango ditu ardatz.

“Planeta Salbatzeko Gune Unibertsala” bihurtutako Txikigunean, umeek, erronka ludiko-pedagogikoen bidez, garapen jasangarriaren esanahia deskubrituko dute, 2030 Agendan dauden 17 GJHak identifikatuz. Jolas hezitzailearen bidez, adinaren arabera diseinatutako 33 jarduera dibertigarri, dinamiko eta parte-hartzaile planteatzen dira. Horien ardatz estrategikoak Pertsonak, Planeta, Bakea, Oparotasuna eta Aliantzak dira.

Horrez gain, arratsaldeetan, 19:30ean, Casilda Iturrizar Parkea Antzerki eta Arte Eszenikoen agertoki handi bihurtuko da jaietan, konpainia eta obra ugarirekin. Umeen parke horretara iristeko, Udalak “Umeen Adiskideen Hiriko” Txu Txu trena jarriko du berriro martxan. Doako anezka-zerbitzua da, eta 25 minuturo zirkulatuko du Erkoreka plazatik Euskadi plazara.

BALEAREN DESFILEA

Balearen Desfileak, familian gozatzeko gehien itxaroten den ospakizun ezagunenetako batek, Bilbo zeharkatuko du abuztuaren 21ean, 19:00etatik aurrera. Kalejira jendetsua Plaza Biribilean hasiko da, Bilboko Kale Nagusia Moyua plazaraino zeharkatzeko. Musika eta kolore eztanda horrek itsas gaietako bost puzgarri erraldoi ditu protagonista, Baly Balea maitea gidari, Olagarroa, Txangurroa, Bisigua eta Txirla lagun dituela.

EGUNEROKO IBILBIDEAK ERRALDOI ETA BURUHANDIEKIN ETA ERAKUSKETA

Bilboko Aste Nagusiko eguneroko beste hitzordu maitatuenetako bat itzuliko da goizero jaietan, Erraldoi eta Buruhandien kalejira, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko dantzari eta musikarien gidaritzapean. 11:00etan abiatuko dira egunero Euskal Museotik, jai-giroko euren dantza klasikoekin, abuztuaren 21etik 28ra (igandetik igandera) Hiriko toki desberdinak bisitatzeko. Kalejira horiekin batera, “Bilboko Erraldoiak” erakusketa egongo da Mariaren Bihotzaren Plazako Aztarnategian irailaren 11ra arte.

DANTZA, TXISTUAK ETA HERRI KIROLAK

Udalak, euskal kultura zabaltzearen aldeko apustuan, txikienek goza ditzaketen ekitaldiak jasoko dituen Programazioa prestatu du. Izan ere, jaietan hiria dinamizatzeaz gain, helburua bilbotarrek eta Bizkaiko hiriburua bisitatzen dutenek Euskadiko historia, ohiturak eta tradizioak gertutik ezagutzea da. Horrela, Alde Zaharreko kale eta plazetan euskal kultura eta euskal herri kirolekin ehun hitzordu baino gehiago izango dira. Dantza, aizkolari, harri-jasotzaile, sokatira, Bilbainada, bertsolari, traineru eta pilota… erakustaldiak izango dira bilbotarrek eta kanpotik datozenek goza dezaten.

SU ARTIFIZIALAK

Egunari amaiera emateko, 22:30ean, Hiriko zerua berriro argiztatuko da familientzat, abuztuaren 20tik 27ra bitarteko gauetan, Aste Nagusiko su artifizial klasikoekin, Bilbo Hiria Nazioarteko Su Lehiaketaren XXX. edizioan. Hiriko hainbat lekutatik goza daitekeen ikuskizuna. Aste Nagusian, Bizkaiko hiriburuak ehunka plan ditu familian gozatzeko. Udalak antolatzen duen jai egitarauari txosnetako konpartsen ekimenak gehitu behar zaizkio. Gainera, barrakak eta zirkua ere Etxebarria Parkera itzuliko dira abuztuaren 12tik (ostirala) irailaren 4ra