Berotze globalaren aurka jokatzeko Bilboko Udalak ekimen berri bat jarri du martxan: babesleku klimatikoak. Gune hauek, bai kanpoan bai barruan ezarrita daudenak, tenperatura handiak jasantzeko espazioak dira. Guztira 130 babesleku jarri dira martxan 64 eraikinen barruan eta 66 kanpoan, uri osoan zehar daude barreiatuta eta behar bezala identifikatuta daudenak.

Klimaren aldaketa errealitatea da eta geroz eta agerikoagoak dira haren ondorioak. Ikerketa zientifikoek erakusten duten moduan, datozen urteetan bero-boladen kopurua, intentsitatea eta iraupena handituko direla aurreikusten da.

Muturreko bero-gertaera horiek eragina daukate pertsonen osasunean, batez ere biztanleria-talde ahulenetan. Muturreko bero horiei aurre egiteko eta herritarren osasunari dakarzkion ondorio txarrak leuntzeko, Bilboko Udalak babesleku klimatikoen sarea antolatu du, 130 espaziok edo eraikinek osatua.

Bilboko Udalak lanean jarraitzen du arreta medikorako guneak ez diren eta baldintza meteorologiko normaletan beste funtzio batzuk betetzen dituzten ekipamendu horien kopurua handitzeko.

Barruko babesleku klimatikoak dira liburutegiak, udaltegiak, kirol ekipamenduak, garraiobideen geltokiak, museoak, erakusketa-aretoak eta merkataritza-zentroak, besteak beste. Eraikinok, oro har, hoztuta egoten dira eta ura izaten dute, eta egoteko, freskatzeko eta tenperatura handiek eragiten duten neketik oneratzeko aukera ematen dute.

Kanpoaldeko babesleku klimatikoak, ostera, uriko berdeguneak izaten dira, daukaten landaretza eta gerizpe ugariak direla-eta pertsonen sentsazio termikoa hobetzen dutenak, bero handiko egunetan babes naturala eskainiz. Horrez gain, uriko iturriak eta ura daukaten espazioak ere lagungarriak izan daitezke beroaren kontra, freskatzeko eta hidratatzeko.

130 babesleku klimatikoen kokapen zehatza ezagutarazteko, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak informazio-liburuxka bat argitaratu du, kokapen bakoitza agertzen duen mapa batekin.

NOIZ GOMENDATZEN DA BABESLEKU KLIMATIKOAK ERABILTZEA?

Gomendagarria da babeslekuok tenperatura handiak izaten diren egunetan erabiltzea, eta bereziki gomendagarriak dira pertsona zaurgarrientzat, esaterako umeak, adinekoak eta arnas aparatuko eritasunak dauzkaten pertsonak. Babesleku klimatikoak atsedenleku eta babesleku moduan balia daitezke urian zehar egin beharreko joan-etorrietan eta, berdeguneen kasuan, baita ere aisialdirako eta jostetarako.

Agintari sanitarioek gogorarazten dute zientziaz frogatuta dagoela nola gutxitzen diren hilkortasuna eta erikortasuna bero handiko orduetan leku hoztu batean minutu batzuk emanez, bereziki herritarrik zaurgarrienen kasuan.

Hala ere, ohartarazi da, halaber, babesleku klimatikoak ez direla egokiak arreta medikoa behar duten pertsonentzat. Kasu horretan, osasun-zentrora joan behar da.