Bilboko Udalak iragarri duenez, uztailaren 29tik 31ra bitartean izango da Bilbao Blues Festival jaialdia, Areatzan eta Guggenheim Museoan. Zehazki, lehen edizio honetan 15 kontzertu eta doako jarduerak eskainiko dira eta boogie woogie klaseak eta haurrentzako kontzertu pedagogikoak ere izango dira.

Hauxe azaldu du Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok: «Benetan merezi du; izan ere, hirian antolatuko den lehenengo blues jaialdia dugu, errepertorio bikainarekin eta doako kontzertu eta jarduerekin. Horrela, musika paregabez bete nahi dugu hiribildua, eta mundu guztiarengana iritsi». Honako hau gehitu du: «Udako ekitaldi bat da, eta, horren bidez, blues generoaren munduko zirkuituan sartu nahi dugu».

Hasiera emango dion edizio honek hiru egun iraungo du, uztailaren 29tik 31ra, eta interes handiko ezaugarriak izango ditu: figura garrantzitsuak, aire zabalean egitea, doan... Gainera, Bilbo erdigunean antolatuko da: Areatza eta Guggenheim Museoa.

Carlos Mallesen hitzetan. «askotariko egitaraua du jaialdiak; izan ere, jendeari blues generoaren barruan dauden estilo guztiak helarazi nahi dizkiogu. Horrela, blues klasikoaz, Chicagokoaz, Blues Rock delakoaz eta antzeko beste estilo batzuez gozatu ahal izango dute, hala nola boogie woogie, swing edo Rock and Roll klasikoa. Flamenkoaren ukitu bat ere izango da bertan, Raimundo Amador artistaren eskutik, BB King delakoarekin batera jotzen ibili den Espainiako gitarra-jole bakarra».

Helburu bikoitza du Bilbao Blues Festival jaialdiaren I. edizioak: zaleei Europako biretan parte hartu ohi ez duten artistez gozatzeko aukera ematea, eta ondo ezagutzen ez dutenei beste estilo batzuen oinarri ere baden (rock, pop, indie, soul€, esaterako) generoa deskubritzeko aukera ematea. «Jendeak musika-estiloa ezagutzea nahi dugu. Mundu guztiari gustatzen zaio blues kontzertu bat, nahiz eta generoaren ohiko kontsumitzaile izan ez. Ez da musikagatik bakarrik, sortzen duen giroagatik da», adierazi du Mallesek.

Travellin' Brothers tokiko taldeak bere errepertorioko "Someone to love", "Oh my river" eta "Coming Home" abestiak interpretatu ditu aurkezpenak iraun bitartean. Ibilbide luzearekin, 1.200 kontzertu eta 10 disko, hain zuzen ere, Travellin' Brothers taldea izan zen European Blues Challenge 2015eko irabazlea Bruselan (Europako bandarik onena), eta, gainera, International Blues Challenge 2015eko finalistak izan ziren Memphis hirian (munduko 8 onenak). Bestalde, "backing band" izan da ospe handiko artisten bira eta kontzertu berezietan, besteak beste, Ian Siegal, Sugaray Rayford, Andy J. Forest, Earl Thomas, Raphael Wresnig, J.T. Lauritsen, Julian Maeso eta Ina Forsman artistekin ibili baita. Taldea Europa osoko klub eta aretoetan ibili da jotzen, eta AEBetatik egin dituen biretan ospe handiko lokaletan jo du, honako hauetan, esaterako: BMC edo Bluenile (New Orleansko Frenchmen Street kalean) edo BB King Club, 152 Club, New Daisy Theatre (Memphis hiriko Beale Street kalean), Memphiseko Orpheum Theatre handian edo Mississippiko Clarcksdale hiriko Reds Juke Joint delakoan.