Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Aukeragune inauguratu du ekainaren 9an, Bilbon adinekoen arteko bakardadeari aurre egiteko eguneko arretarako eta partaidetza komunitarioa sustatzeko lehen zentroa. Zehazki, Otxarkoaga auzoan dago (Zizeruene 4), eta etengabeko arreta espezializatua eskaintzen du, asteroko jarduerekin.

Proiektu berritzaile bat da, zaurgarritasun edo bakardade egoeran dauden 80 pertsonari eskain diezaioke zuzeneko arreta, eta, halaber, asmoa da Otxarkoaga inguruko auzoetako 2.000 pertsona adindu baino gehiagorekin lan egin ahal izatea, hala nola Txurdinaga, Santutxu, Begoña, Bolueta, Uribarri eta Zurbaran auzoak.

Ikustaldiaren ostean, alkateak aintzat hartu du udal baliabide berri honek Uriari egingo dion ekarpena, 83.000 adineko baino gehiago baitaude (65 urte baino gehiagokoak) urian, eta gizatalde horretan bakardade gura gabekoaren kasuak ager baitaitezke, "joandako urteotan, Udalak indar handiagoa egin du uriko adinduen artean gura gabeko bakardadearen egoerak gutxitzeko ekintzak eta programak abian jartzeko. Eta zentro hau aliatu handi bat izan daiteke egoera horri aurre egiteko. Gure nahia da AUKERAGUNEn pertsonek biziarekin bat egitea ostera ere, eta gizarte harremanak izatea ostera ere. Era horretan, uriko bizimoduan parte hartzen jarraitu ahal izango dute, eta komunitatearen ongizateari laguntzen. Uste osoa dugu zaurgarritasunaren prebentzioa dela pertsonen autonomia sustatzeko eta jagoteko bideetako bat".

ERABILTZAILEAK NORTZUK IZAN DAITEZKEEN JAKITEA

Zerbitzua erabil dezaketen pertsonak nortzuk izan daitezkeen jakiteko, "Begirada Aktibo Berria" udal programa eta Gizarte Zerbitzuak baliatzen dira. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak funtsezkoak dira programara sartu ahal izateko, eta orobat Aukeraguneren erabiltzaileen beharrizanei konponbideak bilatzeko. Gizarte langile batek eta KONEKTORE KOMUNITARIOEK (figura berria eta aitzindaria da, Begirada Aktibo Berria izeneko programaren barruan sortua) landa-lana egingo dute, zentroaren erabiltzaile izan daitezkeenak zentrora hurbilarazteko, eta, han, azterketa bat egingo zaie, haiei eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik igorritakoei, proiektuak parte hartzeko egokiak direnetz ikusteko.

Era berean, Udalak beste bide bat izan dezake Aukeragune zentroaren bidez, adinduak Gizarte Zerbitzuetan sar daitezen edo harremanetan jar daitezen, "eta, beraz, zentro adeitsua eta erakargarria izan behar du, bizimodu aktiborako gonbita egiten duena", zehaztu du.

Horrez gain, barrutietako elkarte-sarearen lankidetza ere izango du. Izan ere, Aukeragune zentroaren helburuak lotuta daude inguruarekin, auzoetako bizitzarekin, eta, hala, beste kolektibo eta baliabide batzuekiko harremana susta dezake, zentrotik kanpora ere jarduerak garatzeko, direla zentroarenak berarenak edo beste entitate batzuekin elkarlanean.

Proiektu hau 65 urte baino gehiagoko pertsonentzat da, baldin eta mendekotasun, zaurgarritasun sozial edo bakartze sozialeko eta/edo bakardadeko egoeran badaude. Erabiltzaileak, gehien batean, bakarrik bizi dira, baina badituzte laguntza formalak eta informalak beren etxean bizitzen jarraitzeko, eta badaukate gaitasuna ere zentrora beren kabuz edo senideen edo lagunen laguntzarekin etortzeko.

Zentroan parte hartuko duten pertsonen zer-nolakoaz, gizarte laguntzaileek adierazi dutenez, "arazo orokorra da, zaurgarritasun sozialeko egoeran edo arriskuan dauden adinduen artean edo mendekotasun maila ertaina dutenen artean, haien ongizate bio-psiko-soziala urriturik izatea prebentzio-ekintzarik ezagatik." Hala, bada, programa honekin, Udalak lagundu egin dezake mendekotasun eta zaurgarritasun arriskuan edo I. mailako mendekotasun egoeran dauden adinduen autonomia maila hobetzen edo iraunarazten, haien andeatzea prebenitzen eta bakardade eta bakartze egoerei aurre egiten.

Bilboko Udalak, 65 urte baino gehiagoko bilbotarren artean bakardade egoerak urritzearren, uste du berebiziko ardura duela egoera horiek hautemateak eta erantzun koordinatu bat ematen saiatzeak, eta bakartze/bakardade egoerak saihestea eta zahartze aktibo eta osasungarri baten alde eginez esku hartzea