Urtero bezala, Bilboko Udalak gaur, ekainaren 5ean, mundu osoan zehar ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin bat egin du aurten ere bai. Aurtengo edizioa 'Lur bakar bat' lelopean ospatuko da.

2022rako hautatutako gaiak nabarmentzen du zeinen garrantzitsua den ingurumenaren alderako modu jasangarrian bizitzea, naturarekin harmonian, aldaketa funtsezkoak eginez eguneroko politiken eta aukeren bidez, bizimodu garbiago eta ekologikoago baterako bidea egiten laguntzeko.

Ingurumena zaintzea mundu osoaren desafio bat da, eta guztion ahalegina behar du, modu eraginkorragoan aurre egiteko. Hori dela eta, Nora Abete Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak hau gogorarazi nahi digu: "guztiok daukagu konpromiso bat bizi garen planetaren aldera, bertan bizi garenon aldera eta biziko direnen aldera". Administrazio publikoek, enpresa pribatuek eta herritarrek elkarrekin lan eginda baizik ezingo dugu aurrera egin etorkizun jasangarri baterako bidean.

Hori dela eta, Bilboko Udalak aholku batzuk nabarmendu nahi ditu, ingurumena babesten laguntzen dutenak eta eguneroko bizimoduan samur ezarri ahal ditugunak.

  • Ahal duzun guztietan, batetik bestera ibiltzeko, bizikletaz edo oinez ibili. Ezinezkoa bazaizu, erabili garraio publikoa, gutxiago kutsatzen duelako, dirua aurrezten delako, zirkulazioan dabiltzan ibilgailuen kopurua urritzen duelako, irisgarria delako herritar gehienentzat eta espazio publiko gutxiago okupatzen duelako.
  • Autoa hozteko, ez biztu aire girotua; ateetako bat erabil dezakezu haizemaile moduan. Era horretan, autoaren tenperatura 10 gradu inguru hozten da segundo gutxi batzuetan. Gainera, erregai gutxiago kontsumitzen da, eta aire girotuak eragiten dituen isurketak gutxiagotu egiten dira, % 5 eta % 20 artean, gutxi gorabehera.
  • Ahal dela, ez erabili plastikorik erosketetan: eroan behin eta berriro erabiltzeko poltsa edo erosketen orgatxoa, eta, plastikozko ontzietan ontziratutako produktuen ordez, ontziratu gabeko produktuak erosi.
  • Ekonomia zirkularra sustatu, erabiltzen ez duzun arropa berriz erabiliz; era horretan, zenbait baliabide gutxiago erabiltzen lagunduko duzu, hala nola kotoia edo petrolioa, janzteko arropen produkzioan baliatzen baitira.
  • Tokiko produktuak eta sasoiko barazkiak eta frutak kontsumitu. Era horretan, lagundu egingo duzu produktuak garraiatzean eragiten diren berotegi-efektuko gasen isurketak gutxiagotzen.

Ingurumenaren Munduko Egunaren xedea da munduko populazioa jabetu dadila zeinen garrantzitsua den ingurumena zaintzea eta harendako eta gure ekosistemendako begiramena sustatzea.