Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia, Bilboko Kalealdia, ekainaren 27tik uztailaren 2ra itzuliko da zirku, dantza, antzerki eta clowneko 33 ikuskizunekin. Hain zuzen ere, Bilboko Udalak bultzatutako jaialdi honek bere 23. edizioa ospatuko du oraingoan, eta hiri osoan zehar banatutako 10 gune izango ditu.

Programazio oso-osoa da, eta gaur goizean aurkeztu da Udalaren Prentsa Aretoan, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak eta Pedro Ormazabal BILBOKO KALEALDIA jaialdiaren zuzendariak parte hartu duten prentsaurrekoan.

Horrez gain, aurkezpenean izan da orobat Trakamatraka bilbotar konpainia, musika eta birziklatzea aditzeko, ulertzeko eta ezagutzeko modu berri baten alde eginez, soinuak sortuz birziklatzearen bidez. Matraka Culinary Center izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute Jaialdiaren barruan. Ekainaren 28an 17:30etik hasi eta ekainaren 29an 12:00etara arte, Kasilda Iturrizar parkeko paiten urmaelaren inguruetan ikusi ahal izango da ikuskizuna.

2022 honetan, Bilboko Udalak indartu egin du jaialdia, "programazio gehiago, eremu gehiago eta dekorazio gehiagorekin", hala azaldu dute gaur aurkezpenean, eta nabarmendu egin dute Jaialdiaren balioa, esanez ikuskizunak ez ezik beste zerbait ere eskaintzen duela, uria kaleko arteen agertoki handi bat bihurtzen denez gero.

Gonzalo Olabarria zinegotziak azaldu duenez, "ikuskizunak antzeztea baino harago doazen proposamenak dira, eta lekua eman nahi diegu, eta agerira ekarri. Dekorazio- eta arte-instalazioak izango ditugu, eta protagonistak, berriro ere, dantza, zirkua, antzerkia eta beste izango dira. BILBOKO KALEALDIA, aurtengo edizioan, gertakari bakana izango da ostera ere Estatu osoan, eta Bilbo kaleko arteen eta antzerkiaren hiriburu bihurtuko da berari esker. Programazioa hobetu egin da ostera ere, zabalagotu eta askotarikoago bihurtu, bazter gehiagotara iristeko eta bilbotarrek kalitateko aisialdi- eta kultura-eskaintzak gozatu ahal izan ditzaten aire librean, irisgarriak, askotarikoak eta kalitate itzelekoak."

BILBOKO KALEALDIAK, 23. edizioan, nazioarteko artista asko izango ditu, pandemia dela-eta murritzago gauzatu behar izan den bi urteko epe honen ostean. 10 konpainia datoz Europako leku batzuetatik eta besteetatik Bizkaiko hiriburura, bilbotarrek aukera izan dezaten urian ikusi ohi ez diren ikuskizunak gozatzeko: Chris Iris (Alemania); Das Arnak (Frantzia); Keep Company (Frantzia); Le Piano Du Lac (Frantzia / Asturias); Les Malles Cie. (Suitza); Les Rustines De L'ange (Frantzia); Nicole & Martin (Suitza); Ô Quel Dommage Cie. (Belgika); Panorama Kino Theatre (Suitza); eta Tobia Circus (Italia); eta, horiez gain, Brassass konpainia, Argentinatik.

Bilboko Udalak, kultura estrategia moduan, ostera ireki dizkie programazioko ateak EUSKAL KONPAINIEI, eta, hala, Uriko agertoki batzuk eta besteak izango dituzte, beren lana ezagutzera emateko hurbildu nahi duten guztiei. Hala, bada, ekainaren 27tik uztailaren 2ra, aukera izango da hauen guztien proposamenez gozatzeko: Dantzaz; Ertza; Hika Teatroa & Oinkari Dantza Taldea; Hortzmuga Teatroa & Deabru Beltzak; La Trapecionista Cí; Mystèrieuses Coiffures; Panpotx Kultur Elkartea, Bilboko Udal Bandarena; Trakamatraka; eta Zirkozaurre.

BILBOKO KALEALDIAREN kartela osatuko dute konpainia hauek, Estatuko bazter batzuetatik eta besteetatik etorriek: Amer Kabbani (Cía. 104º); Delrevés Danza Vertical; Kolektiv Lapso Cirk; La Industrial Teatrera; La Macana; Los Galindos; Maduixa Cía; Manolo Alcántara; Nacho Vilar Producciones & Yllana; Nostraxladamus; Nueveuno Circo Cía.; Pistacatro; eta Truca Circus.