Bilboko Udalak iragarri du Irala eta Ametzola auzoetan egingo dela Ogiaren Astea maiatzaren 23tik 29ra. Hogeita hamar kolektibo komunitario baino gehiagoren lankidetza duen ekitaldi honen helburua auzoetan bizikidetza eta gizarte-kohesioa sustatzea da, elkarlanaren bitartez.

Jarduera hori "Auzoak Abian" prozesu komunitarioaren barruan dago eta 2014an egin zen aurrenekoz. Gaur egun Bilboko Udalak eta Gazteleku Garapen Komunitarioko Elkarteak sustatzen dute ekimen hori.

AURREKARIAK: OGIAREN JAIA

"Ogiaren Astearen" jatorria Ogiaren Jaia da. Jai hori martxoan egiten zen, egun bakar batean, eta gizarte-kohesioa eta bizikidetza sustatzea zituen helburu.

Azken edizioa, 2020koa, bertan behera utzi behar izan zen pandemiagatik, egun bat falta zela; 2021ean, talde eragileak planteamendu-aldaketa proposatu zuen, auzoko kolektiboek komunitaterako sustatutako jarduerak aste oso batera zabaltzeko, eta egunetako batean Ogiaren Jaia egiteko asmoarekin.

AUZOA ORATUZ

Ogia ardatz hartuta, beste urte batez, hainbat proposamen aurkeztu dira, kultura eta belaunaldi artekoak.

Ekimen horren helburua da herritarren sareak indartzea, kolektiboen eta auzotarren arteko harremanak hobetzea, eta komunitatearen ahala ikusaraztea, lankidetzan antolatutako askotariko jardueren bidez.

Maiatzaren 23tik (astelehena) 29ra (domeka), Irala eta Ametzola auzoek jarduera soziokulturalen programazio anitza izango dute publiko guztientzat.