Bilbon jabe-erkidegoek konpromiso handia dute ondare eraikiaren segurtasunarekin eta onik iraunaraztearekin.
Urian antzinatasunagatik Eraikinen Ikuskapen Teknikoa egiteko eta aurkezteko betebeharra duten bizitegi-eraikinen artean ia guztiek bete dute tramite hori joan deneko zazpi urte honetan.
Alde horretatik, 2015ean Bilboko Udalak egutegi bat egin zuenetik EITen obligazioei buruzko kontabilitatea eroateko eta antolatzeko eta informazioa emateko, eraikuntza-urtearen arabera betebehar hori zuten eraikinen arteko % 98,91 aurkeztu dute Udalean dagokien EITa.
Harrezkero, 50 urtetik gorako 6.715 etxebizitza-eraikinek ikuskapena egin dute Bizkaiko uriburuan, EAEn dekretuz ezarritakoa betez.
Era berean, eta guztira, 2015etik aurrera, 7.762 EIT aurkeztu dira Bilboko Udalean. Horien artean, 50 urtetik gorakoek behartutakoez gain araudi autonomikoak behartzen ditu bi kasu hauetan ere:
- Administrazio publikoak kontserbazio, irisgarritasun unibertsal edo eraginkortasun energetikoko obrak egiteko ematen dituen laguntzak jasotzeko. (Kasu honetan, ez da, berez, derrigorrezkoa. Aurkeztea borondatezkoa da, baina beharrezkoa ere bai, dirulaguntza jaso ahal izateko).
- Katalogatutako eraikinak direlako, antzinatasuna eta babes-erregimena edozein izanda ere. (241/2012 Dekretua aplikatzen zenean, derrigorrezkoa zen; baina dekretu hori indargabetuta dago jada. EITak arautzen dituen 117/2018 Dekretua indarrean sartu zenetik, bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikinak ez daude derrigortuta horiek aurkeztera. Gaur egungo aplikazio-eremuak bakar-bakarrik eragiten die batez ere bizitegi-erabilera duten eraikinei, hotelak eta egoitzak kasu).
2021ean, antzinatasunagatik EIT txostena aurkeztu behar izan zutenetatik % 67,15ek bete zuten izapidea. Ehuneko hori handitu egingo da aurten (beti dago erkidegoen artean ehuneko bat EIT txostena dagokion urtean aurkeztu ez duena, hurrengoan egiten baitute Udalak errekerimendua egin ostean).
Horrez gain, esan beharra dago 2021ean, derrigortuta dauden 264 eraikinetatik 128k aurkeztu dutela ITE berria, aurreko datuetatik 10 urte igaro izanagatik. Espero dugu kopurua hazi egingo dela datozen hilabeteotan, aipatutako udal eskakizunengatik.
2022an, araudiaren aplikazioarekin jarraituz, Bilboko 445 bizitegi-atarik aurkeztu behar dute Ikuskapen Teknikoa (EIT):
- 45 atarik antzinatasunagatik;
- eta 400 atarik, aurreko ITE aurkeztu zenetik 10 urte igaro direlako eta berriro eginarazi behar dutelako.
EIT TXOSTENAK, JABEEN ERKIDEGOEN BETEBEHARRA
Eraikinaren jabeek edo jabeen erkidegoek aurkeztu behar dute EITa eta, agirian, eraikina osatzen duten elementuen egoera orokorrari buruzko azalpena jaso behar da: egitura, zimentazioa, fatxadak, estalkiak eta instalazioak; horrez gain, aurkitutako akatsak konpontzeko behar diren obren zerrenda jaso behar da, horrelakorik izanez gero, nolako premia duten adierazita eta haien larritasuna kontuan hartuta.
Agiri horrez gain, irisgarritasunaren gaineko txosten bat eta higiezinaren energia-eraginkortasunaren ziurtagiri bat ere aurkeztu behar dira; dokumentu hori goi-mailako arkitekturako edo arkitektura teknikoko titulua duen teknikari batek egin behar du.
Azken urrats bezala, EITa bakar-bakarrik aurkeztu behar da Eusko Jaurlaritzak eraikuntzen ikuskapen teknikoak kudeatu eta erregistratzeko abiarazitako plataformaren bitartez (EUSKOREGITE). Hona hemen bertara sartzeko esteka.
2020 urtera arte, aukera zegoen EITak Udalean aurkezteko eta Udalak, gero, Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko.
EIT txostenetatik sor daitezkeen lanak larritasun-mailen arabera katalogatzen dira eta, jabeek ez badituzte egiten, Udalak obrak eginaraz ditzake, lehentasuna emanez eraikinen egiturari, estalkiari eta bide publikoan kokatuta daudenen fatxadei.
KONTSERBAZIOAREKIN LOTUTAKO LAGUNTZAK ETA DIRULAGUNTZAK
Bilboko Udalak laguntza ekonomikoak ematen ditu etxebizitza-eraikinetan egiturazko elementuak konpontzeko eta arkitekturazko oztopoak kentzeko obrak egiteko.
Izan ere, bizitegi-erabilerako eraikinen egiturazko elementuak konpontzeko obretarako dirulaguntzen aurtengo deialdia joan den astean, martxoaren 16an (eguaztena), onetsi zuen Gobernu batzordeak. 75.000 euroko aurrekontu-zuzkidura du, baina kopuru hori handitu ahalko da, aurkeztutako eskabideak ikusita, deialdi berririk egin barik.
Laguntza horiekin, Udalak —Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bitartez— partikularrei obrak finantzatzen lagundu nahi die. Izan ere, obra horiek aparteko gastu handiak ekarri ohi dizkiete, beren etxebizitzetan eragina izaten dute, eta, lesioen ezaugarriak eta segurtasunean duten eragina kontuan hartuta, ezin izaten dira atzeratu edo geroratu.
Zehazkiago, dirulaguntzak honako hauek finantzetzera bideratuta daude:
- Bizitegi-erabilerako eraikinetako egiturazko elementuak konpontzeko obrak.Obren aurrekontuaren % 25eko dirulaguntza jaso ahalko dute, itzultzeko beharrik gabe. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 8.000 euro izango da, eraikin bakoitzeko.
- Termiten eta eraikinari zein bere inguruneari eragiten dieten izurriteak desagerrarazteko lanak. Kasu horretan, tratamenduaren kostuaren % 50eko dirulaguntza emango da, itzultzeko beharrik gabe; eta diruz lagundu ahalko den gehieneko kopurua 25.000 euro izango da.
Eskabideak aurkezteko epea datorren astean hasi eta azaroaren 14an amaituko da. Dirulaguntzak jaso ahal izateko, jarduketek, hala badagokio, dagokien lizentzia edo udal baimena eduki beharko dute, edo obra Udalak subsidiarioki egindakoa izan beharko da.
Eskabideak aurkeztu ahalko dira udal webgunearen bitartez eta/edo aurretiazko hitzorduarekin, Hiri Plangintzako Zuzendaritzan, San Agustin eraikinean edo udaltegietako erregistroetan.
Laguntzek Bilboko udal mugarte osoa hartzen dute, SURBISAren eremu geografikoa izan ezik (haiek ere ematen dituzte EITari lotutako obretarako laguntza gehigarriak). Gainera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ere kudeatzen ditu, leihatila bakar moduan.
Era berean, EITaren ondoriozko lanetarako onura fiskalak eta dirulaguntzak jaso daitezke, Eusko Jaurlaritzaren babespean egindako zaharberritzeko lanen kasuan. Argibide gehiago, hemen.
6.600 OBRETARAKO LIZENTZIA BAINO GEHIAGO 2021EAN
Bilboko Udalak 6.620 obra-lizentzia izapidetu zituen iaz, hainbat modalitatetan: obraren aurretiazko jakinarazpena, prozedura laburtua, prozedura arrunta eta obra handitarako lizentziak.
2020koen aldean, % 10,81 gehiago; izan ere, 2020an, 5.904 lizentzia tramitatu ziren; aldiz, 2019koen aldean, % 3,23 gutxiago, urte hartan 6.841 lizentzia kudeatu baitziren guztira.
Xehakatuz, 2021ean, obra egin aurreko 3.232 komunikazio (OEK) tramitatu ziren, eta, 2020ean, aldiz, 2.631; 2019an, berriz, 2.857. Obra egin aurreko komunikazioa nahitaezkoa da obra txikiak egin behar izanez gero lokaletan eta bizitegietan (beheko solairuan edo teilatupean ez daudenak, banaketa-aldaketarik gabe eta zurezko eraikinetan sukaldean edo bainugeletan zorua ukitu gabe) edo babesik gabeko eraikinetako elementu erkideetan (eraikinaren inguratzailea aldatu gabe eta egiturari eragin gabe) . Izapide egokia da, adibidez, patioetako leihoak ordezteko.
Prozedura Laburtuko Lizentziak edo Obra Txikietako Lizentziak 3.160 izan ziren 2019an, eta 2.640, ostera, 202an; aldiz, 2.682, 2021ean. Baimen horiek ematen dira eraikin baten barruko aldean edo eraikinaren itxiera elementuetan (fatxada, estalki eta beste) gauzatzen ziren eraikuntzazko esku hartzeetarako, hala komeni bada obren erraztasun teknikoagatik edo eraikuntzaren edo ekonomiaren aldetik txikiak izateagatik. Hau da, Udalaren kontrol bat behar dute, baina ez proiektu tekniko bat.
Prozedura Arrunteko Lizentziak, bestalde, % 8,68 gehitu ziren, eta 621 izatetik 680 izatera igaro, eta 779ra, berriz, 2019an. Era horretako lanetan, proiektua ez ezik zuzendaritza teknikoa ere behar izaten da. Iaz 680 lizentzia eskatu ziren, eta Udalak 584 eman zituen.
Azkenik, Obra Handietarako Lizentziak iaz halako bi izan dira. 2020an, 12 lizentzia eskatu ziren; eta, 2019an, berriz, 25. Eta, bestetik, 2021ean, 26 eskatu ziren, eta 18 eman.