Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udaltzaingoa Biktimei Arreta eta Babesa emateko prestatzen ari da

Bilboko Udaltzaingoa Biktimei Arreta eta Babesa emateko prestatzen ari daB.U.

Bilboko 16 udaltzainek, beste udaltzain batzuek eta Ertzaintzak biktimei arreta eta babesa emateko prestakuntza-ikastaroa hasi dute. Gainera, saio praktiko batzuetan, UPV/EHUko Kriminologia eta Zuzenbideko bi ikaslek parte hartuko dute.

Ikastaro hau Biktimei Arreta eta Babesa emateko Ikuskaritza osatuko duten agenteak gaitzeko da. Guztira 16 pertsona dira, 10 emakume eta 6 gizon, gehienak Bilboko Udaltzaingokoak. Agente horien artean, 11 dagoeneko Bilboko Udaltzaingoko kidegokoak dira, bi Donostiako Udaltzaingokoak, beste bat Gasteizko Udaltzaingokoa eta bi Ertzaintzakoak.

Gainera, saio praktikoetako batzuetan, eta arlo horretako formazioa zabaltzearren, bi ikasle ere ari dira parte hartzen, EHUko Kriminologia eta Zuzenbideko graduetakoak.

Gaien eremua hain zabala izanik, hainbat arlotan ospea duten profesionalak jardungo dira irakasle, hala nola Miren Ortubay zuzenbideko doktorea, Gemma Escapa Deustuko Unibertsitateko ‘Adingabeak gatazka-egoeretan eta/edo babesgabezia sozialean’ izeneko master ofizialeko irakaslea; Pedro Javier Amor UNED-eko irakaslea; Leticia Badiola Emakumearen aurkako Indarkeriaren Epaitegiko magistratua; Ane Miren Otegui Bizkaiko Emakumearen kontrako Indarkeriaren arloko fiskal eskuordea; Mónica Arias Bizkaiko Adingabeen arloko fiskal eskuordea; Ana Laura Núñez Gorroto eta Diskriminazio Delituen arloko fiskal eskuordea; Iñaki Viñuela ertzaina eta Aniztasunean eta Gorroto-delituetan hezitzailea; Aitziber Bañuelos Eraikiz Kolektiboko gizarte hezitzailea; Gemma Varona EAEko Kriminologiako Institutukoa; Ana Eugenia Abasolo Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitatea; Lourdes Lorente eta Jorge Freudenthal Euskadiko Gizarteratze Institutuko psikologoak; edota Begoña Frutos, Bizkaiko Psikologia Elkargokoa, beste pertsona eta erakunde batzuen artean.

Ikastaroak ia hirurehun orduko formazioa eskaintzen du, eta gai asko landuko dira. Esate baterako, zein den araudia eta babes penala emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean; edo zeintzuk diren adingabeen kontrako indarkeria larriaren alderdi penalak eta prozesuzkoak; kidego batzuen eta besten arteko erkarlanerako prozedurak eta protokoloak; arriskua iragartzeko eskalak; edadetuen kontrako tratu txarrak; pobrezia eta bazterkeria jasaten dituzten pertsonengan indarkeria prebenitzea; justizia errestauratiboa; kondenatuen berreziketa; biktimei laguntzeko zerbitzuak; ofizioko txandako jarduera genero indarkeriaren arloan; GLUZ eo Gizarte Larrialdien Udal Zerbitzuaren eta Auzitegiko Osotasunezko Balorazioko Unitatearen jarduera, trauma eragiten duen esperientziaren eragina, entzute aktiboko teknikak...

Gainera, agenteek aukera izango dute biktimologiara hurbiltzeko hainbat ikuspuntutatik, eta aukera izango dute hainbat errealitate ezagutu eta hainbat esperientzia entzuteko bertatik bertara, pertsona batzuen lekukotzaren bidez, hala nola sexu-abusuak jasan dituzten biktimak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak, delituen biktima izan diren atzerritarrak, sexu-joerarengatik delituak jasan dituzten biktimak eta trafiko istripuetan oso ondorio larriak jasan dituzten pertsonen ahaideak.

BIKTIMEI LAGUNTZEKO BULEGOA

Herritarren Segurtasunaren aldeko Itunaren barruan, zeina Bilboko Udaleko alderdi politiko guztiek sinatu baitzuten duela lau urte (iragan martxoaren 5ean dira lau urte), jasota zegoen, 35 neurrien artean, Biktimei Laguntzeko Unitate bat sortzea.

Ordutik hona, urrats irmoak egin dira unitate hori eratzeko.

2020ko uztailerako, BAOn argitara emana zen Bilboko Udaltzaingoaren LPZ berria, eta han ageri ziren Ikuskaritza hau eta bera osatuko zuten 16 plazak.

2021eko otsailean, plaza horiek betetzeko Lehiaketa Espezifikoaren Oinarrien Deialdia argitaratu zen, zeinean proba espezifikoak galdegiten baitziren gaitasunak ebaluatzeko, lanpostu horietarako zer egokitasun behar zen determinatzearren. Hautaketa-prozesu hori gauzatuta dago daborduko.

Biktimei Laguntzeko Ikuskaritza horren egiteko nagusiak hauek dira, besteak beste: indarkeriaren, istripuen, delituen eta beste edozein biktimizazio larriren biktimen segurtasuna, eskubideak eta duintasuna bermatzea.

Eta, alde horretatik, Ikuskaritza osatuko duten agenteek arreta eta babesa eskainiko dizkiete biktimizazio hori pairatzen duten pertsonei, eta saiatuko dira arrisku-egoerak atzematen poliziarekin eta Udalarekin harremana duten pertsonengan, bereziki adingabeengan, emakumeengan, adinekoengan eta beste kolektibo zaurgarri batzuetako pertsonengan; atestatuak egingo dituzte, salaketak jasoko dituzte eta salaketa horietan aipatzen diren egitate zigorgarriak hala diren ikertuko dute, epaileekin eta beste polizia-estamentu eta -kidego batzuekin koordinatuko dute beren lana, delitua prebenitzeko lanak egingo dituzte, delituak neutralizatzeko planak aztertuz eta landuz, bigarren biktimizatzerik gerta ez dadin lan egingo dute...