Síguenos en redes sociales:

Astelehenean goizean

Goya Sarien irabazle bilbotarrei harrera egin die Aburtok udaletxean

Goya Sarien irabazle bilbotarrei harrera egin die Aburtok udaletxeanBilboko Udala

Gaur goizean, martxoak 7, azken edizio honetan Goya Saria irabazi duten hiru bilbotarrei harrera egin die Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Ekitaldian Kultura eta Gobenantza saileko zinegotzi Gonzalo Olabarriak hartu du parte.

Hain zuzen, Urko Olazabal bilbotarra izan da bat, Maixabel filmean egindako interpretazioarengatik bigarren aktorerik onenaren saria irabazi baitu; beste bat, María Cerezuela arabar Bilbon finkatua, film berean aktore berririk onenaren saria irabazi baitu; eta beste bat Diego Urruchi, bera ere Bilbon jaioa, eta "Mama" filmaren produktorea, film labur dokumentalik onenaren saria irabazi baitu.

Guztiek ekarri dituzte beren "buruhandiak", alkateari erakusteko, eta hark esker ona adierazi die, "bilbotar guztien etxera ekartzeagatik sariak". Berriro ere esker ona adierazi die uri osoaren izenean, eta, ondoren, etorkizuneko proiektuen gainean egon dira berbetan, eta ikus-entzunezkoen sektoreak gaur den egunean eta gure inguruan bizi duen egoeraren gainean ere bai.

Alde horretatik, bada, Juan Mari Aburto alkateak gogorarazi die Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuak balantze positiboa izan zuela iaz, pandemia bete-betean zifra guztiak gainditurik eta errekorrak lortuz. Guztira 232 produkzio izan ziren, eta 161 filmaketa egin ziren, eta 13,8 milioi euro baino gehiagokoa izan zen eragin ekonomikoa.

"Zifra horiek guztiek --adierazi du alkateak-- erakusten digute zinemaren industria finkatzen ari dela sektore berri baten moduan, eta aurrerantzean ere indartu egin beharko dugula lankidetza publiko-pribatuarekin. Ohartzen ari gara Bilbo eta Bizkaia gogoko dituztela film-egileek, filmatzeko leku moduan ez ezik, gure enpresen eta profesionalen eraginkortasunagatik eta kalitateagatik ere bai". Juan Mari Aburto alkateak hau azaldu die, bitxikeria baten moduan: "are Udaletxearen eraikina bera ere erakargarria ari da gertatzen "filmak egiteko eta girotzeko".