Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bihar, martxoak 8, ospatu egingo den Emakumeen Nazioarteko egunarekin. Horren gainean, 'Eszenatik at. Gehiengoa besaulkietan, gutxiengoa eszenatokian-Fuera de escena, Mayoría en las butacas, minoría en el escenario' izeneko kanpaina jarri du martxan, arte eszenikoen sektorean generoen artean dagoen etena aldarrikatzeko.

Nekane Alonso Berdintasun Saileko zinegotziak, gai hori hautatu izana azaltzeko, honako hau adierazi du: "aurten, agerian jarri nahi dugu kultur adierazpen hauen sorkuntzan, ekoizpenean, zabalkundean eta erakusketan emakumeei eragiten dien desberdintasun bidegabea"; halaber, hau eskatu du: "emakumeok agertokiaren ezkutuko hegaletatik irten eta erdian kokatu behar dugu".

Kultur sektorean dagoen desberdintasunaren inguruan, Nekane Alonsok agertu duenez, "ageriko gauza da emakumeak oraindik ere desabantaila egoeran daudela arte eszenikoetara sartzeko eta proiekzio artistiko bat lortzeko orduan, eta berenganatzen dituzten lan motetan eta lanpostuetan ere agerikoa da hori, eta soldatan ere eten bat dago generoen artean, oraindik ere".

Udala kanpainaren irudia zabaltzen hasi da era bateko eta besteko euskarri fisikoetan eta hiri-altzarietan, eta formatu digitalean ere bai, hala nola www.bilbao.eus webgunean, hedabideetan eta Udalak sare sozialetan dauzkan kontuetan: irudian, emakume bat ageri da, bakarrik, antzoki bateko besaulkien patioan, sabaiari begira. "Gehiengoa besaulkietan, gutxiengoa eszenatokian" goiburuaren bidez, "herritarrak gonbidatu nahi ditugu gogoeta egitera, eta balioa eman diezaioten emakumeek betiko rolak alde batera uzteko erakutsi duten iraunkortasunari eta lidergo-gaitasunari, estra zereginak jokatu izan baitituzte beti, behin ere beren istorioetako protagonista izan gabe", adierazi du zinegotziak.

Era berean, martxoaren 8ko ospakizunen artean, performance bat izango da, "Leiho zikin, zeru garbi" izenekoa, Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak eskainia; martxoaren 16an izango da, zazpi eta erdietan, Berreginen Museoan. Ikuskizun horretan, auzitan jarriko dira egungo gizartearen egitura patriarkalak, urratsak eginez emakumeen ahalduntzearen bidean.

ARTE ESZENIKOEN ETA EMAKUMEEK JOKATZEN DUTEN ZEREGINAREN GAINEKO DIAGNOSTIKOA

Sentsibilizazio-kanpainaz eta antzerki-ikuskizunaz gain, Bilboko Udaleko Berdintasun Sailak iragarri duenez, "diagnostiko bat egingo da emakumeek Bilboko arte eszenikoen jardueran aurkitzen dituzten oztopoez eta aukerez". Ikerketa honekin, alde batetik, analizatu nahi dugu kultur sektorean eta zehazki arte eszenikoetan oraindik ere aurkitzen dugun desberdintasuna, eta, beste alde batetik, balioa eman nahi diegu performanceei, ekintzarako tresna artistiko moduan, baliatu ahal da-eta lehendik dauden diskriminazioak salatzeko eta emakume artisten lanari balioa emateko.

Diagnostikoa urte amaieran aurkeztuko da, eta informazio kuantitatibo eta kualitatiboa bilduko du hainbat estatistika iturriren, txostenen eta azterlanen artean, eta iritziak bilduko ditu Bizkaiko hiriburuan arte eszenikoekin zerikusia duten emakumeen artean eta kulturaren arloko elkarteen eta entitateen artean.

EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA DELA-ETA EGINGO DEN ADIERAZPENA

Bilboko Udalak, bihar, martxoak 8 (martitzena), 11:30ean, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta prestatu duen adierazpena irakurriko du. Juan Mari Aburto alkatea izango da buru erakunde-ekitaldian, eta berarekin batera izango dira Nekane Alonso Berdintasun Saileko zinegotzia eta udal korporazioko ordezkaritza bat.

Bilboko Udalak genero-berdintasuna sustatzeko daraman politika bi proiektu estrategikoren barruan kokatzen da: Bilbao Balioen Hiria, eta Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH).