Síguenos en redes sociales:

Akordio garrantzitsua

Bilbok eta Ur Partzuergoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute

Bilbok eta Ur Partzuergoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu duteBilboko Udala

Bilboko Udalak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak bat egingo dute Zorrotzaurren uholdeetarako deposituen proiektuko lanak aurrera eramateko. Bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu berri dute biek obren lizitazio, adjudikazio eta egikaritze prozesuan nola parte hartu arautzeko.

Ildo horretan, adostu da Udalak proiektua idatzi, obra lizitatu eta laguntza teknikoa emango duela. Gainera, operazioak dakartzan kostuak ordainduko ditu. Bestalde, Partzuergoak proiektua berrikusiko du, eta plegu teknikoak eta aurkeztutako eskaintzei buruzko txostenak egiterakoan aholkulari-lanak egingo ditu, bai obraren lizitazioan, bai laguntza teknikoan; horrek ez du betebehar ekonomikorik ekarriko, hitzarmenaren arabera.

Zorrotzaurreko uholdeetarako deposituen eginkizun garrantzitsuena da itsasgoran galtzadak ez daitezela urez bete eta euri-uren sarea ez dadila hondatu. Horrela, ponpatzeak gutxituko lirateke.

Proiektu honetako bi biltegiak Udalak Deustuibarrean dauzkan bi lur-zatietan egongo dira, bata Artiachen eraikinetik gertu eta bestea Papeleraren eraikinetik gertu.

Lehen proiektuan oinarritutako aurrekontu zenbatetsia 7.964.501,28 eurokoa da, BEZa barne.

AURREKARIAK

2012ko azaroaren 29an, behin betiko onartu zen Zorrotzaurreko Hiri Antolaketako Plan Berezia. Plangintza betez, ituntze-batzarrak nahitaezko urbanizazio proiektua aurkeztu zion Udalari, izapidetzeko. Hura aztertu eta analizatu ondoren, orduko Obretako, Zerbitzuetako, Hiri Birgaikuntzako eta Espazio Publikoko Sailak aldeko txostena egin zuen. Halere, hasieran aurreikusitakoak baino obra handiagoak egin beharra planteatu zen, Udalak ordainduko lituzkeenak. Zehazki, irlaren uholde-arriskuaren aurkako aurreneurriak sendotzeko obrak aipatu ziren.

Beraz, Zorrotzaurreko 1. egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektuaren 22. eranskinean, zeinetan irla osoaren uholde-arriskua aztertzen den, uholde-depositu horiek egitea planteatzen da, marea bizietan euri asko botatzen duenean ura atera ahal izateko. Izan ere, bestelako konponbideak (hala nola urbanizazio-kota altxatzea) baztertuta geratu ziren, ingurune horretako ia eraikin eta azpiegitura guztiak bere horretan geldituko zirelako. Ondorioz, arazoa konpontzeko, azpiegitura egoki bat planteatu zen, zonako arazoa konpontzeko gai dena. Zehazki, tanke bat egitea, itsasgora dagoen bitartean euri-uren sareko urak gordetzeko kapaz dena, eta gero hustu, ur-hustuketako arazoa gaindituz.

Biltegi horiek, gainera, lehen euri-urek ekarritako hondakinak bilduko lituzkete. Izan ere, horrelako ura oso kutsagarria izaten da, trafikoak galtzadan uzten dituen partikulak eramaten baititu.