BILBO. Bilboko Udal Txistulari Bandak ikuskizuna eskainiko du asteartean inauteriak ospatzeko. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan izango da, 19:30etan. Bilboko Txistularien Bandak Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldea eta Patxi Labordarekin batera jardungo du.

Azken honek, kontzertua gidatu eta girotuko du. Kontzertua, jada ohikoa denez, Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan izango da, 19:30etan. Sarrerak zenbakituak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), www.euskalduna.eus webgunean (3 euro) eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan (3 euro) erosi ahal izango dira.

Dantza maisu eta koreografoaz gain, Patxi Laborda ikuskizun ezberdinen gidoilari, zuzendaria eta dantzen berreskuratze edo birsortze prozesuetan aditua da. Gaur egun Bilboko musika eskolako dantza maisu bezala aritzen da.

Bilboko Basurtuko auzoan sortu zan Beti Jai Alai dantza taldeak 2018.urtean 50 urte bete ditu. Denbora honetan euskal kultura eta usadioen hedapenenean erreferente izan da. Beti Jai Alai taldearen betebehar nagusia Euskal Herriko ohiko dantzak fedeltasunik handienarekin plazaratzea izan da, hala ere, galdutako dantzak eta usadioak berreskuratzeko eta berregiteko ahaleginean lan sakona egin du. Esate baterako, gaur egun, abuztuaren 15ean eta urriaren 11n Begoñan dantzatzen diran aurreskua eta ezpata dantza zein, Lekeitioko ezpata dantza.

2008.urtean, 40.urteurrenean, Bilboko Arriaga antzokian “Bilboko dantzak eta jaiak” ikuskizuna egin zuen. Lau ataletan, XVI eta XX mendeen artean Bilboko dantza eta usadioak erakutsi zituen. Atal horretako bat XIX eta XX.mendetako inauteriei buruzkoa izan zen. 2018.urtean, taldeko sortzaile eta ardatz nagusia zen Jon Pertika zendu bazen ere, taldea inoiz baino indartsuago eta biziago dago. 150 bat partaide dago, dantzari, musikari, ume ta dantzari ohiek sortutako abesbatza apal bat.

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.