BILBO. Bidebarrieta Kulturguneak zahartze aktiboari eta osasungarriari buruzko hitzaldi-solasaldia jasoko du asteazkenean, urtarrilaren 30ean, Begoña Sanz EHU/UPVko Biokimika eta Biologia Molekular doktore eta Ageing-On-eko ikerlariarekin.“Ageing On: Promoviendo un envejecimiento saludable y estimulante para todas las personas” izeneko hitzaldia Bilboko Udalak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aurretik gonbidapena jasotzea liburutegian bertan BIHARTIK aurrera.
Gaur egun, adinekoak mundu osoan gehien hazten ari den biztanleria dira. Nazio Batuen “Munduko Biztanleriaren Aurreikuspenak” txostenak ematen dituen datuen arabera, 60tik gorako pertsona kopurua bikoiztu egingo da 2050erako, eta hirukoiztu 2100erako: 2017an dauden 962 milioi pertsonatik 2050eko 2.100 milioi pertsonara eta 2100eko 3.100 milioira igaroko gara. Euskadin, 65 urtetik gorakoak biztanleria osoaren %22 dira jadanik.
Testuinguru horretan, gero eta gehiago dira zahartze aktiboa sustatzeko eta zahartzaroan ahalik eta bizitza kalitate onena lortzeko martxan jartzen diren politika eta ekintza zehatzak. Hori da, hain zuzen ere, EHU/UPVko Ageing-On ikerketa taldearen egitekoetako bat. Zehatzago esanez, taldearen helburu nagusia adinekoen bizitza kalitatea hobetzea da, euren beharretara egokitutako ariketa fisiko eta kognitibo programatan parte hartuz.
Begoña Sanz Biokimika eta Biologia Molekular doktore eta Ageing-On-eko ikerlaria izango da talde horrek egiten duen lana eta horrelako programek dituzten abantailak gizartera hurbilduko dituena. Horrela, ariketa programa tipologia horrek partaideen hobekuntza fisikoan, kognitiboan eta psikologikoan duen eragina azaldu, eta entrenamendu horiek zahartze osasungarrian betetzen duten lekua aztertuko du.
Une honetan EHU/UPVko Fisiologia Saileko irakasle den Begoña Sanzek, EHU/UPVko Medikuntza Graduan, Ikerketa Biomediko Masterrean eta Zahartze Osasungarri eta Bizitza Kalitate Masterrean ematen ditu klaseak. Bere ikerlari ibilbidea biomarkagailu molekularren azterketara dago zuzenduta, Ageing-On ikerketa taldean aztertzen den parametroetako bat, hain zuzen ere.
BIDEBARRIETA ZIENTIFIKOA
Hitzaldia, “Bidebarrieta Zientifikoa” ekimeneko jarduera egutegiaren barruan dago. Ekimen horretan jasotzen diren programen artean “Darwinen Eguna” dago ?hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera antolatutakoa?. Helburua zientzia pertsona guztiei hurbiltzea da, era atseginean eta didaktikoan, eta baita egunerokotasuna duten gaiak ezagutaraztea ere.