BILBO. Bilboko 2019ko inauterien kartelaren lehiaketan parte hartzeko azken egunak dira, izan ere, lau egun barru, hau da, ostiral honetan (urtarrilak 25) epea bukatuko da. Aurten inauteriak otsailaren 28tik martxoaren 5era arte ospatuko dira hirian.

Lehiaketa herrikoia da, eta nahi duen orok parte har dezake. Oinarrietan jasotzen diren baldintza soil batzuk baino ez dira bete behar. Esate baterako, jatorrizko lanak aurkeztu behar dira, kolore eta teknika librekoak; goiburu edo izen bat eduki behar dute; eta ezin dute eroan egilearen sinadurarik.

Epaimahaiak sei kartel finalista hautatuko ditu (Jaien Batzordeko ordezkariek eta diseinuaren eta kulturaren munduko ordezkariek eratuko dute epaimahaia). Sei proposamen horiek erakusgai jarriko dira, eta herritarrek beren boza eman ahal izango dute onena hautatzeko, bertara joanez edo Udalaren webaren bitartez; epaimahaiak ere emango ditu bere bozak. Puntu gehien lortzen dituen kartela izango da irabazlea: herritarrek emandako bozak eta epaimahaiarenak batuko dira horretarako. Hala, bada, honela banatuko da bozen balioa:

  • Herritarrek tokian bertan emandako bozak (% 33)
  • Herritarrek Udalaren web orriaren bidez emandako bozak eta hedabide laguntzaileek emandako botoak (% 33).
  • Epaimahaiaren irizpena, diseinuaren munduko profesionalen ordezkaritzak garrantzi handia izango duelarik (%33)

Iazko hautaketan, berrogeita hamar lan aurkeztu ziren, hainbat lekutakoak: Gipuzkoa, Nafarroa, Castelló, Bartzelona, Asturias, León, Andaluzia eta Madril. Hala ere, gehienak Bilbokoak izan ziren. Interesatuek Udalaren web orrian kontsultatu ahal izango dute gai honi buruzko informazio guztia. Irabazleak 2.000 euroko sari bat jasoko du.