Síguenos en redes sociales:

Bueltan da "Darabilbo", euskararen erabilera sustatzen duen programa

Iaz, 1200 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten ekimenean

Bueltan da "Darabilbo", euskararen erabilera sustatzen duen programa

BILBO. 'Darabilbo' bueltan dago hiriko auzoetan. Euskararen erabilera sustatzen duen programa abiarazi du Bilboko Udalak, Bilboko Euskaltegien Sarearekin batera. Kulturarekin eta denbora librearekin zerikusia duten jarduerak eta lantegiak dira, eta doan eskaintzen dira, denbora librean euskara erabil dadin sustatzeko helduen artean.

“Erabili Euskara Bilbon” lelorarekin, jarduerak taldeka egiten dira uriko auzoetan urte osoan zehar, uztailean eta abuztuan izan ezik. Jarduera horiek hauentzat guztientzat dira: ikasleentzat, ikasle ohientzat, euskara hobetu nahi dutenentzat eta, oro har, euskaraz dakiten eta denbora librean euskaraz bizi nahi dutenentzat.

Era bateko eta besteko jarduera eta lantegien artean eskaintzen dira: bisita gidatuak Arte Ederren Museora eta Guggenheimera, Euskal Dantzak, antzerkia euskaraz, garagardo, ardo, kafe eta olio dastaketak, kultur ibilaldiak Bilbon han eta hemen, kultur jarduerak, sukalde lantegiak, esku-lanak, argazkigintza, autodefentsa eta teknologia berriak.

Jarduera horietan parte hartzeko, Darabilbo web orrian eman behar da izena, eta ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea eta euskara apur bat jakitea: www.darabilbo.eus

Bihar hasiko da, urtarrilak 10, Darabilbo programako 2019ko lehenbiziko jarduera. Jardueren egutegia, urtarrilerako, hau da:

-Urtarrilaren 10ean, 10:30ean:

Bisita gidatua Arte Ederren Museoan. “ABC erakusketa. Bilboko Museoko alfabetoa”.

-Urtarrilaren 11n, 19:00etan:

Euskal Dantza. 19:00etatik 20:00etara, Gaztedi Dantza Taldean (Santutxu kalea). Jarduera hau hilero-hilero izango da, 2. eta 3. barikuetan.

-Urtarrilaren 15ean, 19:30ean.

Kultur jarduera Arriaga Antzokian: “ERLAUNTZA” antzezlana eskainiko da.

5 sarrera banatuko dira, zotz eginez.

-Urtarrilaren 17an, 19:30ean:

Endika LaHaine “OTSOAren” mintzaldia Birika Kultur Gunean (Erronda kalea, 2)

-Urtarrilaren 18an, 19:00etan.

Garagardo beltza dastatzea Begoñako Elkarte Gastronomikoan (Fika kalea, 29).

-Urtarrilaren 20an:

Kirola eta Natura atalean, orientaziozko ibilbide bat eskaintzen da Artxandan, 2 eta 5 kilometro artekoa, familian egiteko, edo taldean, edo bakarka.

-Urtarrilaren 21ean, 17:30ean.

Bisita gidatua Arte Ederren Museoan. “ABC erakusketa. Bilboko Museoko alfabetoa”.

-Urtarrilaren 24an, 14:15ean:

Bisita gidatua Arte Ederren Museoan. “68aren ondoren. Artea eta arte-praktikak Euskal Herrian 1968tik 2018ra.

-Urtarrilaren 25ean, 19:00etan:

Euskal Dantza. 19:00etatik 20:00etara, Gaztedi Dantza Taldean (Santutxu kalea). Jarduera hau hilero-hilero izango da, 2. eta 3. barikuetan.

-Urtarrilaren 31n, 10:00etan.

Bisita gidatua Arte Ederren Museoan. Erakusketa: “68aren ostean. Artea eta arte-praktikak Euskal Herrian 1968tik 2018ra.

Iaz, 1200 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten ekimen honetan. 64 jarduera eskaini ziren, 20 eratakoak.