Ertzaintzak eta Udaltzaingoak egun hauetan hogeiren bat ebasketa eta lapurreta erregistratzen dituzte egunean dendetan eta kalean. Kasurik gehienetan, lapurretak indarra erabili gabe eta kalte pertsonalik eragin gabe egiten dituzte.
Zenbait kasutan, lapurreta egitean indarkeria erabiltzen dute delitugileek, esate baterako, harrapatzen badituzte, eta objektua tira eginda edo borrokatuta kentzea gerta liteke. Polizia-kidegoek identifikatuta dituzte halako delituak egiten dituztelako ezagunak dituzten hogeita hamar bat pertsona.
Alde batetik, 18 urtetik 25 urtera bitarteko gizonezko-taldeak daude. Hauek kalean, dendetan edo aisialdiko lokaletan biktimaren deskuiduez baliatzen dira batez ere telefonoak eta diru-zorroak lapurtzeko. Beste alde batetik, emakume gazteak eta garerdikoak daude, eta hauek, deskuiduan lapurreta egiteaz gainera, beste teknika batzuk ere erabiltzen dituzte lapurreta egiteko, esate baterako, besarkada solidarioa edo biktimarengana edozein aitzakiarekin hurbiltzea, kale bat non dagoen galdetzeko, adibidez.
Banaketako furgonetak ere izaten dira delitugile hauen biktimak, eta banatzailea zerbait entregatzera joaten den uneaz baliatzen dira barruko objektuak hartzeko. Esate baterako, orain dela urtebete, Eguberrietako egunetan eta beherapenen garaian, era horretako 30 lapurreta erregistratu ziren, bereziki Alde Zahar inguruan.
BILBO. Bilboko merkataritza guneetako zaintza areagotuko dute jendetza handia dagoen sasoietan. Eguberrietan eta beherapenetan, hain zuzen, ebasketak eta lapurretak gutxitxeko asmoz arreta handiagoa jarriko gute hirigunean.
Astelehen honetatik hasita, eta bost astean, uniformedun eta kale jantziko agenteek osatutako dispositibo batek zainduko ditu merkataritza-jarduera biziagoa izaten duten hiru auzoak: Abando, Alde Zaharra eta Indautxu.
Agenteek informazioa eta komunikazioak partekatuko dituzte. Horren harira, astelehenean egin ziren Udaltzaingoaren Miribillako egoitzan goizeko eta arratsaldeko lan-txanden aurreko bilerak. Eta orain dela gutxi eman zitzaien dendari-elkarteei planari buruzko informazioa, era horretako delituen prebentziorako gomendioak eta lapurreta gertatzen bada nola jokatu behar den jakiteko aholkuak.
Auzo horietan era honetako dispositibo bateratu bat abian jartzen den hirugarren urtea da aurtengoa. Plana astelehenetik larunbatera aktibatuko da, merkataritza-ordutegian. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, iaz egindako zaintza-kanpaina bateratuaren balantzearen arabera, 48 pertsona atxilotu zituzten eta 135 ikertu.
Bi polizia-kidegoek eskatzen diete herritarrei arretaz ibiltzeko jende asko pilatzen den kaleetan eta dendetan. Norberaren gauzak arretaz zaintzea, poltsa edo motxila ondo itxita eramatea eta modu susmagarrian guregana hurbiltzen diren ezezagunez ez fidatzea dira ebasketen edo lapurreten biktima ez izateko ematen dituzten aholkuetako batzuk. Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat gertatuz gero, Ertzaintzari 112ra eta Udaltzaingoari 092ra deitzeko aholkatzen dute.