Deustuk euskal kulturarekin lotura duten gabonak martxan jarriko ditu astelehenean
Guztira, dozena erdi jarduera antolatu dira familia eta helduentzat
BILBO.Deustuk euskal kulturarekin lotura duten gabonak martxan jarriko ditu astelehenean, 'Kultur gabonak' programaren barruko ekimena hain zuzen, eta guztira, dozena erdi jarduera antolatu dira familia eta helduentzat.
Programazioak hilaren 17an jarraituko du, poesia-topaketa batekin. Han izango da Harkaitz Cano idazlea, Euskadi Literatura saria hiru aldiz irabazi duena. Argitalpen ugari ditu idazleak: “Beti oporretan” ipuin-bilduma, “Twist”, “Beluna jazz” eta “Belarraren ahoa” eleberriak, “Piano gainean gosaltzen” autofikzio-kroniken bilduma, eta lan horretatik sortu zen “Norbait dabil sute-eskaileran” poema-liburua. Horrez gain, jatorrian gaztelaniaz idatzitako poema-liburu bat ere badauka. Topaketa herritar guztiei zabalik dago, eta 19:30ean izango da, doan.
Programazioan euskarazko antzerkia eta zirkoa ere aurkituko dugu. Hilaren 20an, ATX Teatroa konpainiak “Bihotz salataria” helduentzako ikuskizuna eskainiko du. Bestalde, urtarrilaren 3an, Eidabek “Mari eta gaileta fabrika” eskainiko du, 7 eta 13 urte arteko umeentzat. Pieza eszeniko horren bidez egungo emakumeentzat bidea zabaldu zuten emakume langileak omendu nahi dira. Euskarazko zirkoak ere badu bere tokia programan, Zirika Zirkus taldearen “Tren geltokia” ikuskizunarekin. Edonori zuzentzen zaio, eta hilaren 2an ikusi ahalko dugu.
Gainera, ostiralean, hilaren 4an, Arangoitiko udaltegian kontzertu-tailer bat egongo da, elementu birziklatuak erabiliz. Jarduera Trakamatrakak taldeak gidatuko du, eta 5 urtetik gorako aurrentzat diseinatuta dago. Tailer honen bidez, mundu berriak ezagutuko ditugu eta birziklapena mundu hobe bat lortzeko bidea dela ikasiko dugu. Era horretan, material birziklatuak edota etxean izaten ditugunak nahiz egunero erabili ohi ditugunak baliatuta, jardueran parte hartzen dutenek musika-tresnak egingo dituzte, eta, aldi berean, trebetasuna, imajinazioa, ingurumenari buruzko kontzientzia eta sormena landuko dituzte.
#BILBAOGABONAK
#BilbaoGabonak izen orokorrarekin Bilboko Udalak proiektu pilotua jarri du aurten abian; proiektu honen helburua apurka-apurka Hiribildua gune erakarle garrantzitsu bihurtzea da, baita Gabonetan ere.
2018 hau ekitaldi oso garrantzitsuen urtea izan da eta Bilbo Europako Hiririk Onena aintzatetsia izan da; horregatik, urtea ekimen desberdin eta berezi batekin amaitu nahi izan dugu, egun hauetan hiriari argia eta protagonismoa emango dizkionak. Proiektu honen atzean jendea erakartzearen, hala bertakoa nola alde mugakideetakoak eta estatuko zein atzerriko turistak, merkataritza eta negozioak mugiaraztearen? erronka dago eta Bilbo Gabonetan hiri magikoa eta erakarlea izatea lortzea.
Europako beste hiri nagusi batzuetan garatzen den ereduari jarraituz, aurten Bilbok berrikuntzekin sendotu du Gabonetarako bere proiektua eta horiek hirian aurreikusi diren 400 jarduera baino gehiagori batzen zaizkie: Gabonetako Azoka bat, helduentzako eta umeentzako aisialdiko gune bat, lehenengoz “izotz ekologikozko pista bat” eta txirrista bat eskaintzen dituena, argi eta apaingarri berriak, deigarriagoak eta originalagoak.
AGENDA
ABENDUAK 10
19:30 Deustuko udaltegia
Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina
Bertso-saioa (helduentzat)
ABENDUAK 17
19:30 Deustuko udaltegia
Harkaitz Cano. Poesia-topaketa (edonorentzat)
euskara eta gaztelania
ABENDUAK 20
19:30 Deustuko udaltegia
ATX Teatroa “Bihotz salataria”
Antzerkia (helduentzat)
URTARRILAK 2
18:00 Deustuko udaltegia
Zirika Zirkus “Tren geltokia”
Zirkua (edonorentzat)
URTARRILAK 3
18:00 Deustuko udaltegia
Eidabe “Mari eta gaileta fabrika”
Antzerkia (7-13 urtekoentzat)
URTARRILAK 4
18:00 Arangoitiko udaltegia
Trakamatrakak
Kontzertua/Tailerra elementu birziklatuak erabiliz.
Musika (5 urtetik aurrera)
Jarduera guztiak doakoak izango dira, bete arte.