Síguenos en redes sociales:

Terrazen berrantolakuntzari ekin dio Bilbok lehentasunezko kaleak zehaztu ondoren

Ledesma, Poza eta Jardines lehenetsi dituzten kaleak dira, baita Plaza Barria ere

Terrazen berrantolakuntzari ekin dio Bilbok lehentasunezko kaleak zehaztu ondorenOskar Martínez

BILBO. Terrazen berrantolakuntzari ekin dio Bilbok azterketa matematiko baten bitartez lehentasunezko kaleak zehaztu ondoren.

2011ko Tabakoaren aurkako legeak antolaketa berria edukitzera behar zituen ostalaritzako negozioak. Horrekin batera, terrazak jarduera eta dinamismo ekonomikoa sortzeko elementu bihurtu direla ikusi da. Izatez, ziurgabetasunean zegoen sektore aldakor baterako konponbidea eskaini zuten eta, haiekin batera, herrietan eta hirietan espazio publikoa handitu zen.

Bilbon ere horixe gertatu zen eta Udalak, hasiera-hasieratik, ostalaritzaren, jarduera komertzialaren eta etxebizitzen arteko oreka bilatzeko asmoz lan egin zuen. Horretarako, udal ordenantzan jasotako zenbait irizpide ezarri zituen.

Bilbo hiri dinamiko eta aldakorra da, eta terrazek, beste erabilerek bezala, errealitate horri aurre egin behar diete. Horregatik, Bilboko Udalak terrazen espazio publikoaren okupazioa egokitzeko eta hobetzeko prozesuari ekingo dio, aldagai fisiko ugari aztertu ondoren. Aldagai horiek, apurka-apurka, eredu matematiko batean islatuta agertzen dira.

Bilbon, 1.450 terraza baino gehiago daude, horietako gehienak Abandon/Indautxun (437) eta Zazpikaletan (130). Plan Gidaria ezarriko den bide-tarteak hiru eremu handitan daude. Zehatz-mehatz, Ledesma, Poza eta Jardines kaleetan nahiz Plaza Barrian, izan ere, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publiko Sailak lehentasuna emandako kale-tarteak horiexek dira.

GAUR EGUNGO EGOERA

Gaur egun ez daukagu terrazen lizentzia eman zeneko egoera bera eta baimen horiek egokitu behar dira. Gainera, araudia betetzen ez diren kasuak daude. Inguruabar biengatik oreka hautsi da eta, beste zenbaitetan, egoera hobetzeko aukera dago.

Lehenengo pausua araudia betetzen dela ziurtatzea da. Araudia ez betetzeko arrazoi nagusiak honako hauek dira: baimendutako ordutegia gainditzea, arauzkoa baino mahai eta aulki gehiago jartzea edo lokalaren barruan terrazaren baimena agerian ez egotea.

Aldi berean, ematen diren baimenak Bilboko egoera aldakorrei etengabe egokitzeko prozesuari ekingo diogu. Udalak baimenak berrebaluatzeko sistema berria eduki behar du, beste aldagai batzuk kontuan hartuta, esate baterako, Bilbon badaude gero eta giro motelago duten eremuak batetik, gero eta arrakasta gehiago duten eremuak bestetik, ingurunearen erabilera berriak, etab.

METODOLOGIA Terrazen Plan Gidaria hiru pausutan garatuko da:

Lehenengoz, espazio publikoaren okupazioaren aztarna onena zein den zehaztuko dute.

Horretarako, lokal eskatzailearen kanpoaldea (kalearen ezaugarriak, espaloien zabalera, igarotzen direnen kopurua, inguruak, irekitako lokalak, garraio publikorako sarrerak, autobus-geralekuak...) zein barrualdea (lokalaren tamaina, etxaurrea...) kontuan hartuko dituzte.

Bestalde, aldagai zenbagarri eta objektiboak kontuan hartuko dira ere: zabalera, terraza-kopurua, okupazioa, kalearen luzearekiko biztanle-kopurua, autobusa, taxia eta abar.

Kale-motak lizentzia eta jardueretan oinarrituta ezarriko ondoren: komertziala, ostalaritza, bulegoa, bizitegiak, ekipamendua, eta abar.

Horrenbestez, terrazarekin okupatu daitekeen espazioa sortzen da.

Bigarrenez, zehaztutako terraza-gunea nola okupatuko den zehaztuko dute. Hori dela eta, okupatu beharreko gunea zehaztu ondoren, non eta zelan zehaztu beharko da: egunero kenduko diren mahai eta aulkiak, eguzkitakoak lurrera lotuta egon behar diren ala ez, itxitura tolesgarriak ala lurrera lotuta, itxitura finkoak eta abar.

Azkenik, definizioa estetika eta materialei dagokienez, altzarien (mahaien, aulkien) eta erabilitako elementu lagungarrien (babesen, estalkien?) estetika, diseinua eta materialak ere aztertuko dira. Ingurunearekiko uniformetasun eta harmoniari lotutako irizpideak bilatuko dira.

Benetako berrikuntza prozesu honetarako sortutako eredu matematikoarekin dator: terrazetara zuzendutako espazioa kalkulatzeko kontuan hartu behar diren aldagai guztiak batzean oinarrituta dago.

Diagnostikoa egindakoan, Bilboko Udalak 3 ildo dauzkan jarduera-plana osatu du:

Betetakoa handitzeko plana: astelehenean, baimendutakoa betetzen den kontrolatzeko hautazko kanpaina hasiko da Zazpikalen, Indautxun eta Abandon, 0 kilometrotik, hau da, Udaletxetik abiatuta, gaur egun indarrean dauden baimenak betetzen direla ziurtatzeko. Araudiaren lehenengo hausturarekin, udal ikuskatzaileek ohartarazpena egingo dute, akta eginda. Gainera, 48 orduko epean baimena ez betetzeak ekarriko dituen ondorioen berri emango dute. Bigarren bider araudia bete ezean, terraza ipintzeko baimena kenduko da eta hilabeteko epe batez ezin izango du beste bat eskatu. Hala, ezin izango du terraza ipini. Araudi-haustura behin eta berriz errepikatzen bada, terrazaren baimena baliogabetuko da eta sei hilabeteko epean ezin izango du beste bat eskatu. Gainera, 750 € eta 3.000 € arteko isuna ipiniko dute.

Espazio Publikoa Hobetzeko Plana: oreka gutxien duten kaleak aztertu ondoren, espazio publikoaren antolamendua hobetzeko neurriak hartuko dira. Horretarako, hainbat alderdi finkatuko dira: oinezkoen joan-etorriak, irisgarritasuna, eta abar. Helburu nagusia hobetu beharreko lehentasunezko eremuetara oreka bueltatzea da.

Kale-proiektuak: Bilboko Udalak, lehentasunezko kale bakoitzean prozesu bati ekingo dio merkatari, ostalari eta auzokoekin batera esku hartzeko, espazio publikoaren oreka hobetzeko eta erabilera guztiek modu orekatuan espazioa daukatela ziurtatzeko asmoz.

Aurtengo kale-proiektuak Ledesma, Poza eta Jardines kaleetan nahiz Plaza Barrian egingo dira. Zehazten ibiliko diren konponbideetan, kalearen azken egoera baino lehen tarteko zenbait maila izango dira.

BILBOKO TERRAZAK Terrazak Bilborentzat garrantzitsuak dira, baina hiria aldatzen dabil eta Udalak aldaketa horien arabera moldatu nahi ditu erabilerak. Terrazen planaren helburua bizikidetzan oinarritutako egoera idealerantz aurrera egitea da. Hala behar izanez gero, espazio eta orekarik ez dauden kasuetan, Bilboko Udalak aukerak eta kudeaketa-eredu berriak bilatuko ditu.

Plan honek, egoeren etengabeko berrebaluazioa ekarriko du, betiere bizikidetza-eredurik onena bermatu ahal izateko.