Síguenos en redes sociales:

Stephen Hough pianista Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen prgramaren gonbidatu berezia izango da

"Agata: A Basque Fantasy" pieza estreinatuko du kontzertuotan, euskal orkestraren enkarguz

Stephen Hough pianista Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen prgramaren gonbidatu berezia izango daFoto: Cedida

BILBO. Stephen Hough pianista Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen prgramaren gonbidatu berezia izango da eta euskal orkestraren enkarguz konposatutako "Agata: A Basque Fantasy" pieza estreinatuko du kontzertuotan.

"Agata erupzioan" izenburupean, Gasteizko Principal antzokian (astelehen honetan), Iruñeko Baluarte auditoriumean (asteartean), Bilboko Euskalduna jauregian (asteazkenean) eta Donostiako Kursaal auditoriumean (ostegunean eta ostiralean) izango dira kontzertuak. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, euskal orkestrako iturriek jakinarazi dutenez.

Hough lehen aldiz arituko da EOSekin. 1983an New Yorken Naumburg Lehiaketako Lehen Saria eskuratu zuenetik, munduko orkestra onenetako gehienetan jo du eta sona handiko entzunaretoetan eman ditu kontzertuak. Sarri gonbidatu dute jaialdi garrantzitsuetara, adibidez, Salzburgo, La Roque d'Anthérone, Edinburgo eta Londreseko BBC Proms-era. Bere diskografia zabalak nazioarteko sari ugari bildu ditu, besteak beste, Diapason d'Or de l'Annee, Grammy sarietarako hainbat izendapen eta zortzi Gramophone sari.

Hain zuzen, konpositore ingelesak idatzi du EOSen enkarguz kontzertu programa berria hasiko duen obra: "Agata: A Basque Fantasy". Pianistak Santa Ageda euskal kanta tradizionala hartu du oinarri pieza konposatzeko, eta orkestraren parte bezala txistua txertatzearen bidez, konposizio berria sortu du. Hough-ek Robert Treviño ESOeko zuzendari titularraren omenez sortu duen obran Garikoitz Mendizabal izango da txistua jotzearen arduraduna.

"BALIO HANDIKO EKARPENA" Euskal orkestraren arabera, "lan hau, zalantzarik gabe, balio handiko ekarpena da euskal errepertorioarentzat, txistua ez baita ohiko musika tresna orkestraren formazioan, eta bere aurkezpena Euskaraldiarekin bat egingo da".

"Agata: A Basque Fantasy" obrarekin batera Antonin Dvorak-en "Pianorako kontzertua" entzun ahal izango da emanaldietan, eta Stephen Hough piano bakarlari gisa arituko da. Azkenik, kontzertu programa Edward Elgar-en "Enigma bariazioak" obrarekin bukatuko da.

Gainera, kontzertuen astearen amaieran, azaroaren 30ean, Stephen Hough-ek ikastaro magistrala eskainiko die Musikene ikastegiko piano ikasleei, EOSek eta Musikenek "Jordá Gela" izenburupean sinatutako hitzarmenaren baitan. Horri esker, Musikeneko ikasleek zuzenean ezagutu ditzakete orkestraren bonu denboraldian parte hartzen duten bakarlari handietako batzuk.