BILBO. Azaroaren 17tik 25era bitartean, Hondakinak Murrizteko Europako Astea egiten ari dira Bilbon eta Europa osoan. Horren harira, Europako Batzordeak bultzatu duen aste horretan, etxeko hondakin organikoak birziklatzeko kanpainarekin bat egin duten Bilboko 8 familia, barruti bakoitzeko bat, saritu nahi izan dira.
Bilboko Alkateak Udaletxeko Arabiar Aretoan hartu ditu saritutako familiak; sarituak azaroaren 19an La Bolsa Udaltegian egin zen zozketa bidez atera dira. Alkateak SAMSUNG GALAXY TABS2 markako 8 tableta banatu ditu; familiako eta barrutiko bana.
2018an edukiontzi marroia jarri da Bilboko auzo guztietan. Bosgarren edukiontzia 2019rako barruti guztietara hedatzeko konpromisoa hartu zuen Udalak. Konpromisoa bete ez eze, data aurreratu ere egin du. Azarorako gai organikoetarako 1.500 edukiontziak Bilboko kaleetan izango dira. Modu mailakatuan egin da hori.
Gainera, auzo guztietan informazio-kanpaina egin da, herritarrek edukiontzi marroiak nola erabili behar diren eta gai organikoak zelan birziklatu behar diren azaltzeko. Horrela, herritarrak birziklatzera animatu eta gai organikoak birziklatzearen garrantziaz jabearazi nahi ditugu.
Edukiontzi marroiaren kanpainarekin bat egin duten pertsonek dohainik jaso dute gai organikoak egoki birziklatzeko beharrezkoa den materiala: zakarrontzia, poltsa biodegradagarriak, txartel pertsonala eta birzikla daitezkeen produktu guztiak adierazten dituen imana. Gainera, tableta baten zozketan sartu dira, barrutiko bana; gaur banatu dituzte onarpen-sari txiki hauek.
Gaiak bereizita jasoz gero, hobeto aprobetxatzen dira hondakinak, gai organikoa gehiago birziklatzen da, ingurumenerako, ekonomiarako eta osasunerako dituen abantailengatik. Sortutako hondakin guztien % 40 bat gai organikoak dira, hortik gure etxeetan behar bezala bereizteak duen leba. Horretarako jendeak kontzientziatuta egon behar du eta ahalegin handia egiten ari gara edukiontzi berria jartzen den auzoetan informazio-kanpaina trinkoa eginez, zalantzarik ez izateko gai organikoak zelan birziklatzen diren.
Edukiontzi marroia barrutietan zabaldu denetik hainbat izan dira kanpainarekin bat egin duten familiak eta ekoizle handiak (dendak eta ikastetxeak): 2017an 8.852 familia izan ziren eta 2018an, aldiz, 24.405; ekoizle handiak (fruta-denda, ikastetxe eta supermerkatuak), ordea, 358 izan dira 2018an eta gai organikoen bilketak ere % 125 egin du gora urrira arte.
HONDAKINAK MURRIZTEKO EUROPAKO ASTEA Bilbo Hondakinak Murrizteko Europako Astean (ingelesezko EWWR moduan ere ezaguna) parte hartzen ari da. Europako Batzordeak sustatutakoa da urteroko ekimen hau, helburu duena aste batez hondakinak murrizteko eta modu jasangarrian kudeatzeari buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatzea eta ezartzea.
Hondakinak Murrizteko Europako Astearen leloa “ da, eguneroko bizimoduan etxean edo lanlekuan erabiltzen edo ukitzen ditugun gai toxikoen eta arriskutsuen (garbiketa-lanetarako produktuak, brikolajea egitekoak, landarezaintzakoak, inprimatzekoak eta bestelakoak izan daitezke) erabilera murriztu beharra dagoela aipatuz.
Herritarrak Europa mailako ekimen honetara batu daitezen nahi du Bilboko Udalak, gogorarazita “hondakin onena sortzen ez dena” dela. Horregatik, “” leloaren pean, bost hilabete iraungo duen informazio-kanpaina trinkoa egiten ari gara. Kanpaina hori urriaren 22an hasi zen, birziklatzearen aldeko hainbat ekintzekin. Kanpaina honen helburuak bat datozenez Hondakinak Murrizteko Europako Astearen ardatzetan proposatutakoarekin, alegia, birziklatzea sustatzearekin, Udalak kanpaina hau Hondakinak Murrizteko Europako Sarirako aurkeztu du.
Hondakinak Murrizteko Europako Astearen eta Udalak egiten dituen kanpainen helburua da herritarrei erakustea zeintzuk diren eguneroko ekintzen eraginak, birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzea eta baliabideen xahutzea ekiditea.
Martxoan onartu zen “Bilboko Balioen Agiriak”en dagoen balioetako bat ingurumenaren arloko jasangarritasuna da, konpromiso hauekin: “ingurumenaren arloko arazoei buruzko kontzientzia hartzeko ekintzak bultzatzea; kontsumoko ereduak eta bizitzeko moduak aldatzea; gure uriko ekosistemaren inguruko jarrera arduratsuagoa, konprometituagoa eta solidarioagoa; baliabideen erabilera eraginkorrerako irtenbideak bilatzea eta gure urian daukan eragina murriztea”.