BILBO. Bilboko alkate Juan Mari Aburto buru aritu da gaur goizean, jarraiko bigarren urtez, Udalak antolatutako Bilboko Kalealdia izeneko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdian jendeak elkartasunez emandako dirua jasotzen duen txeke solidarioa emateko ekitaldian.
Bilboko Kalealdiaren barruan programatutako ikuskizun guztiak doakoak izan ziren, Casilda Iturrizar parkeko karpen barruan egindako zirku-emanaldiak izan ezik. Ikuskizun horiek 3 euroko prezio sinbolikoa izan zuten, leku kopuruaren kontrola egin ahal izateko. Uztailaren 2tik 7ra izandako edizioan 1.528 euro batu ziren jarritako karpa bien bitartez. Batutako kopuru hori oso-osorik eman zaie La Cuadrilla del Hospi elkarteko gurasoei.
Gaur goizean Bilboko Udaletxean izandako ekitaldian zenbait gurasok parte hartu dute bilbotarrei erakutsitako elkartasunagatik eskerrak emateko. 2017an Irriclown irabazi-asmorik gabeko pailazoen elkartea izan zen ekimen honen onuraduna.
La Cuadri del Hospi Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Haurren Onkologia Unitatean prozesu onkologikoa jasaten ari diren edo jasan duten umeen gurasoek eratutako elkartea da eta umeen minbiziaren humanizaziorako, sozializaziorako eta ikerketarako eta hezur-muinaren donazioaren hedapenerako sortu zuten elkartea gurasoek.