BILBO. Bilboko eta Vienako (Austria) udalek beste bultzada bat emango diote beren harremanari bihar, Austriako hiriburuan izango duten bilerarekin. Bertan izango dira Xabier Ochandiano, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegua Saileko zinegotzi ordezkaria eta Maria Vassilakou, Vienako Udaleko alkateordea. Bi hiriek antolatzen duten bilera, hiriaren esparru desberdinetako jardunbide eta estrategia onenak partekatzeko helburuarekin egin da. Halaber, Ochandiano ‘Urban Future Global Conference’ ekimenean parte hartzeko joango da Vienara. Hiriak biltzeko Europako topaketarik handiena dela uste dute askok, eta aurten Austriako hiriburuan egingo da.

Zinegotziak eta Vienako alkateordeak Vienako udaletxean egingo dute bilera, eta bost gai nagusi eztabaidatuko dituzte. Hau da, bi hiriek nazioartekotzeko dituzten estrategiak, inbertsioak lortzeko ekintzak, tokiko merkataritza sustatzeko politikak eta ekintzaileentzat egindako udal-baliabideak eta espazioak izango dituzte hizpide. Turismoa bilerako beste gaietako bat izango da, eta udaletako bi kideek Bilbo eta Vienak, batak besteari, kalitate oneko turismo-leku iraunkor gisa sustatzeko aukerak aztertuko dituzte.

Xabier Ochandiano asteazkenean joango da ‘Urban Future Global Conference’ delakoaren hirugarren edizioara. Vienan egingo da otsailaren 28tik martxoaren 2ra, eta mundu osoko 400 hiritako ordezkariak bilduko dira etorkizuneko hiri iraunkorrak zimendatzeko oinarriak ezartzeko. Parte hartuko duten hirien bolumenagatik jotzen da ezaugarri horiekin Europan antolatzen diren topaketarik handiena izango dela. Bilboko Udalak ekitaldian egoteko aukera aprobetxatuko du Europako eta mundu osoko beste hiri batzuekin harremanak egiteko, bai eta kudeaketak egiteko ere Bizkaiko hiriburua datorren urteko edizioan egon dadin. Oslon antolatuko da, Norvegiako hiriburuan.

‘Urban Future Global Conference’ honako gai hauei buruzko tokiko politikak partekatzeko espazio egokia izango da: energia, zerbitzu publikoak, hiri-plangintza, etxebizitza, parte-hartze publikoa eta komunikazioak. Betiere, gizarteari eta ingurumen iraunkorrari lotutako ikuspuntutik. Hitzaldian, nazioartean erreferentzia diren hiriak bilduko dira, hala nola Vancouver (Kanada), Londres (Erresuma Batua), Brusela (Belgika), Kopenhage (Danimarka), New York (Ameriketako Estatu Batuak) edo Stockholm (Suedia).