BILBAO. Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Saileko Droga menpekotasunen Prebentzioaren arloko taldearen bidez, “NAHIkt” programa jarri du martxan, eskola- eta familia-inguruetan sareko jarduera osasuntsua eta segurua izateko helburuarekin. Tailerrok, lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat eta euren gurasoentzat dira eta 62 ikastetxe publikori eskaini zaion arren oraingoz, horietako 42 parte hartzen ari dira. Internet, eskuko gailuak eta sare sozialak modu arduratsuan eta osasuntsuan erabiltzen ikasiko dute.

Hainbat arlori buruzko oinarrizko jarraibideak ere ikasiko dituzte, hala nola, sareko segurtasunari, Interneteko legez kanpoko ohiko ekintzei eta horien ondorioei buruzkoak, ziberbullying-a eta prebentzioa eta, azken batean, zelan saihestu arazoetan sartzea eta zer egin horrelakoetan nahastuta egonez gero.

Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publikoek prebentziozko neurriak ezarriko dituzte, dagozkien eskumenen esparruan eta, oso bereziki, osasunaren, gizarte-zerbitzuen eta hezkuntzaren sistemetan, herritarrak sentsibilizatu eta informatzeko.

Horiek horrela, “NAHIkt” programaren (“Neurria Adimenarekin Hartu IKT-ei”) helburu nagusia da Bilboko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Internet, eskuko gailuak eta sare sozialak modu arduratsuan eta osasuntsuan erabiltzen ikastea.

Helburu horrekin, ikasleentzako, euren gurasoentzako eta sareko hezkuntzaren arloko prebentzioko eragileentzako tailerrak antolatu dira, helburu hauek betetzeko:

  • Eskola- eta familia-eremuetan sareko jarduera segurua eta osasungarria sustatzea, erronkak eta prebentziorako estrategiak identifikatuta eta balioa emanda eta bultzatuta Internetera konektatuta dagoen gizarteak eskaintzen dituen aukerak.
  • Internet, gailu mugikorrak eta sare sozialak erabiltzeari lotutako arrisku-egoerak eta arrisku-jokabideak saihesteko prebentzioko jarraibideak ezartzeko.
  • Pribatutasunaren eta norbere datuak babestearen kultura sustatzea.
  • Ziberbizikidetza positiboa eta herritarrak sarean arduratsuak izatea bultzatzea.

IKTen erabilerari eta ekipamenduari buruzko azken inkestaren arabera (EIN-INE, 2017ko urria), 10 urteko neskato-mutikoen % 25 dira mugikorra erabiltzen dutenak baina ehuneko hori % 75ekoa da 12 urtekoen artean. 14 urtetik aurrera, 10 adingabetik 9k mugikorra daukate. Egia bada ere etxeetan Interneterako konexioa behar duten bideo-jokoen, tableten eta ordenagailuen erabilera 11 urte baino lehenago hasten dela, gure ustez 6. maila egokiena da sareko teknologiak arriskurik gabe erabiltzearen eta horiekin ondo pasatzearen arloko prebentzioan esku-hartzeko. Izan ere, adin horretan hasten dira gailu horiek modu autonomoagoan erabiltzen, smartphoneek eskaintzen dituzten aukerak baliatuta.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak azpimarratu nahi izan du “ilusioz eta erantzunkizunez abian jarri dugun ekimen honen izaera pedagogikoa eta prebentziozkoa. Errealitate honek ezin digu eskuetatik ihes egin guraso, tutore, irakasle garen heinean, eta jakina, adingabeek ere kontropean izan beharra dute egoera”.

Zinegotzi sozialistak adierazi duenez, “garaiz esku-hartzeak ere badu eragina osasuntsu haztean eta horretan dihardugu Osasun eta Kontsumo Sailean, era honetako programa eta tailerrekin. Azken helburua ez da besterik galderentzako erantzunak izatea, horiek modu eraginkorrean abian jarri ahal izateko”.