BILBO. Gaur deialdiaren iragarkia eta oinarriak argitaratu dira BAOn. Gero, argitaratuko dira BOEn. Bilboko Udalak Administrazio Orokorreko Teknikarien (AOT) 28 plaza berri deitu ditu, lehiaketa-oposizioaren bidez eta txanda irekian beteko direnak; gero, hautagaiek praktikaldi bat bete beharko dute. Plaza horietatik, hamazortzik euskarazko derrigorrezko 3. hizkuntza-eskakizuna daukate (2016 eta 2017ko lan-eskaintza publikoetan ezarri baitzen euskarako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna edukitzea) eta plaza bat desgaitasunen bat daukaten pertsonentzat gordeko da.
Gaur, eguaztena, deialdiaren iragarkia eta oinarriak argitaratu dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta gero, egun batzuk barru, argitaratuko dira BOEn. Eskariak aurkezteko 20 egun balioduneko epea iragarkia argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da.
Era berean, iragarkia BOEn argitaratzen denean, informazio guztia udalaren webgunean egongo da eskura (https://www.bilbao.eus/eUdala/EPE). Eskariak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira.
Laguntza modura, erregistroko bulego txiki bat jarriko da Aznar eraikinean (Venezuela plaza 2, 5. Solairua, Giza Baliabideen Zuzendaritza), ordenagailuekin eta beste baliabide tekniko batzuekin, hala nahi dutenek eskaria aurkezteko erabil ditzaten. Era berean, interesdunei aholkuak emango zaizkie eskabidea behar bezala betetzeko eta zalantzak argitzeko.
Lan-eskaintza publiko honetan parte hartu ahal izateko, hautagaiek lizentziaturako edo graduko titulu akademiko ofizial hauetako bat eduki beharko dute: Zuzenbidea, Politika Administrazioko Zientziak, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ekonomia, Aktuariotza eta Finantza Zientzietan edo baliokidean.
HAUTAKETA PROZEDURA
Hautagaiak lehiaketa-oposizioaren bidez eta txanda irekian aukeratuko dira. Prozedura oposizioarekin hasiko da eta lau ariketa egin beharko da. Ondoren, lehiaketaren fasean merezimenduak baloratuko dira eta azkenik, hautagaiek praktikaldia egin beharko dute.
Lau ariketa horietatik, hiru derrigorrezkoak eta baztertzaileak dira. Lehena ariketa idatzia eta orokorra izango da, deialdiaren eranskinean dagoen programarekin lotutakoa. Bigarren ariketan ahoz azaldu beharko dira lau gai, gehienez ere berrogei minututan, gai zerrendatik ausaz ateratako lau gai (bat Administrazio Zuzenbide Orokorrekoa, bat Tokiko eta Foru Zuzenbide Administratibokoa, bat Hirigintzako Zuzenbidekoa eta bat Finantza eta Zerga Zuzenbidekoa).
Hirugarren ariketa praktikoa da eta idatziz egin beharko da, gehienez ere lau ordutan. Epaimahaiak gai bi aukeratuko ditu eta horiek ebazteko txosten bana idatzi beharko da. Laugarren ariketa, euskarazkoa, derrigorrezkoa eta baztertzailea izango da 3. hizkuntza eskakizuna daukaten plazetarako. Gainerako plazetan borondatezkoa eta ez baztertzailea izango da.
Ariketa horiek bukatuta, fase hori gainditzen dutenek merezimenduak aztertzeko eta baloratzeko fasera igaroko dira. Puntuaziorik onena daukaten hautagaiek (deitutako plaza guztiak betetzeko adina) praktiketako prestakuntza osagarria jasoko dute, gero baloratuko dena.
EPERIK GARRANTZITSUENA
Bilboko Udalak iazko uztailean iragarritako EPEaren barruan dago deialdi hau eta guztira 218 plaza izango dira. Hortaz, EPErik garrantzitsuena eta lanposturik gehien daukana da EAEko tokiko administrazio guztietan, foru aldundiak barne.
AOTen EPE honez gainera, laster deituko dira suhiltzaileen, gizarte langileen, delineatzaileen eta abarren plazak.