BILBO. Antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, zazpi proiekzio izango dira, Kupula aretoan, arratsaldeko 19:00etan; ostiraleko saioa 18:00etan hasiko da. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.

Iaz gertatu zen bezala, zikloak Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, besteak beste. "Euskara aktibo edo potentzialki maite duten guztientzat, ikasten ari direnentzat edo hobetu nahi dutenentzat den ekimenaz ari gara", adierazi dute antolatzaileek.

Horrela, asteartean, "Beti bezperako koplak" film laburra (Ageda Kopla Taldea) eta "Kutsidazu bidea Ixabel" lan luzea (Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo) ikusi ahal izango dira; asteazkenean, "Zeinek gehiago iraun" (Gregorio Muro) eta "Loreak" (Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño); ostegunean, "Betiko" (Arantza Ibarra) eta "Asier ETA biok" (Aitor eta Amaia Merino), eta ostiralean, "Aita zonbia naiz" (Ricardo Ramon eta Joan Espinach).