BILBAO. Jarduera hauek egingo dira 09:00etan hasi eta 15:00etara arte: informazio-mahaia, joko patologikoari buruzko dokumentazio ugarirekin; Yolanda Díez Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziaren, Eusko Jaurlaritzako arlo horretako arduradunaren eta Jon Anton Cordero Ekintza-Aluviz Elkarteko presidentearen hitzak; Kepa Junkeraren eta Efecto Verdolaga taldearen musika-emanaldiak.

Ekintza-Aluviz 1989an hasi zen ludopaten errehabilitazioan. Horretarako formula hau hautatu zuten: autolaguntza eta elkarren arteko laguntza, profesionalen laguntza terapeutikoarekin eta, are garrantzitsuagoa, errehabilitatutako jokalarien eta euren familien esperientziarekin, konbinatuta. Denboraren joanarekin, prebentzioan jarri dute arreta, batez ere gazteen prebentzioan, eta sareko jokoa ahalbidetzen duten teknologia berrien aurrerabidea dela eta, ahalegin handia egin dute prest egoten.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak Adikzioen V. Udal Plana aurkeztu zuen urtearen hasieran. Agiri hori 2019ra arte izango da indarrean eta bertan Bilboko Udalak hartutako konpromisoak jasotzen dira, tokiko eremuan gauzatuko diren programen eta ekintzen bidez. Plan horretan “drogamenpekotasunak” terminoa barik “adikzioak” terminoa erabili dute, substantziarik gabeko adikzioak -joko patologikoa- gehitu direlako, berritasun modura.

Horiek horrela, planean jasotako lehentasunezko lerroetako bat, hain zuzen ere, nerabeen eta gazteen artean ausazko jokoen -batez ere kirol apustuak eta internet bidezko jokoa eta makina txanpon-jaleak- erabilera arazotsuari lotutako prebentzio-jarduerak eta arriskuak gutxitzekoak sortzea da.

“Bilboko Udalean 25 urte daramagu drogamenpekotasunen prebentzioarekin konpromisoa hartzen eta aurrerantzean ere berdin jarraituko dugu. Plan bizia, hurbilekoa, gaurkoa eta osasuntsua daukagu” gogoratu du Yolanda Díez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak.