BILBO. Antolakuntzak jakinarazi duenez, programazioa astelehen honetan hasiko da, urriaren 16an, Daniel Redondo marrazkilariaren lanetik ibilbidea egiten duen "Tintazko itsasoan... branka haizeari!!" erakusketa irekiz. Larunbata arte Begoñako liburutegian egongo den erakusketak zortzi panel ditu, eta marrazkilari bilbotarraren bilakaera eta estiloak erakusten dituzte, Bruguera argitaletxean hasi zenetik.

Asteartean, urriaren 17an, "El balancín" argitalpenari eskainitako erakusketa inauguratuko da Begoñako udal zentroan. Kike Infame zuzendariak aurkeztuko du erakusketa, eta bisita gidatua egingo du arratsaldeko 19:00etan.

Halaber, ostegunean, urriaren 19an, Itzaltzuko bardoaren kondaira tragikoan oinarritutako "Gartxot" marrazki bizidunen filma izango da ikusgai, 19:00etan. Gainera, ostiralean, urriaren 20an, jaialdiaren aurtengo herrialde gonbidatua den Portugalgo komikigintzari buruzko hitzaldi bat izango da, Joao Miguel Lameiras eta Paulo Monteiroren parte hartzearekin.

KOMIKI AZOKA

Parrapean Komiki Egunak jaialdiaren aurtengo edizioa larunbatean amaituko da, urriaren 21ean. Euskarazko komiki azokaren laugarren edizioa hasiko da goizeko 11:00etan Karmelo plazan. Ohiko standez gain, umeentzako eta gazteentzako tailerrak, jazz musika, hiriko dantza emanaldiak eta argitaratu berri diren lan batzuen aurkezpenak izango dira.

Aurkezpen horien artean, Benito Lertxundik aurkeztuko duen Asisko Urmenetaren "Eusklabo alaiak", Julen Ribasen "Santa Familia" eta Roger Seiter eta Eric Catarina frantsesen "Zulo bat oroimenean" egongo dira. Roger Seiter komikigintza frantsesaren figura garrantzitsuenetakoa da, eta ibilbide luzea du komiki gidoilari gisa, "Fog", "Lefranc", "H.M.S" edo "Kogaratsu" argitalpenetan, besteak beste.

Bestalde, azokaren barruan, eguerdiko 12:00etan, euskaraz egindako komikiaren Parrapean 2017 lehiaketaren sariak banatuko dira, eta Daniel Redondo (Bilbo, 1940) marrazkilariari ohorezko saria emango zaio. Daniel Redondok Bruguera argitaletxean hasi zuen bere marrazkilari karrera. Euskal Herrira itzultzean Donostian ezarri zen, eta bertan Gregorio Muro Harriet gidoilaria ezagutu zuen. Berarekin batera istorio labur ugari egin zituen hainbat aldizkaritarako, bai eta "Jon eta Mirka" eta "Marca de la bruja" serieak ere. Ondoren, Christian Perrissin gidoilari frantsesarekin, Jean-Michel Charlier gidoilari frantsesak sortutako "La Juventud de Barba Roja" serieko hainbat bilduma egin zituen.

Jardunaldi osoa musikaz eta hiriko dantzez girotuta egongo da. Itxierako azken ekitaldia ere egongo da, arratsaldeko 19:30ean, "Musika ilustratua" izenburupean. Paulo Monteiro, Julen Ribas, Daniel Fano, Asisko eta Adur marrazkilariak elkartuko ditu, Xabier Lizaso piano jolearen musikak lagunduta.