Bilboko udalak "Suteen prebentziorako astea" jarriko du martxan
Astean zehar etxeko suteen prebentzioari buruzko dibulgazio-hitzaldiak egingo dira erretiratuen elkarteen egoitzetan
BILBO. Era berean, eguenean eta barikuan, Bilboko Suhiltzaileak plaza Biribilean jarriko dira jendeari, banan-banan, suteen prebentziorako aholkuak emateko eta gainera, hurbiltzen diren ume guztiei prebentzioko koaderno hezitzaileak eta suhiltzaileen kaskoak oparituko dizkiete.
Beste alde batetik, prebentziorako astearen barruan, eta Mapfreren laguntzarekin, 500 su-detektagailu inguru ipiniko ditu 2017an eta 2018an, 80 urtetik gorako pertsonak edo bikoteak bizi diren etxeetan. Bilboko Udaleko suhiltzaileak eta Babes Zibileko langileak etxeetara joango dira detektagailuak jartzera eta martxan jarriz gero zer egin behar duten azaltzera.
Interesdunek edo euren senideren batek su-detektagailua jartzeko eskaria egin behar dute barrutietako udaltegietan edota Herritarren Informazio Bulegoan (Ernesto Erkoreka plaza). Baldintza hauek bete behar dira: 80 urte baino gehiago izatea, bakarrik edota adin horretatik gorako beste batzuekin bizitzea eta euren telefono-zenbakia eta senide batena ematea, suhiltzaileak interesdunekin harremanetan jarri ahal izan daitezen.
Une honetan, 80 urtetik gorako 30.286 pertsona dago: 10.312 gizonezkoak dira eta 19.986 emakumezkoak. Horietako asko bakarrik edo beste adindun batzuekin batera bizi dira.
Pertsona nagusien etxeetan su-detektagailuak jartzeaz gain, dibertsitate funtzionala duten pertsonen etxeetan ere kanpaina berezia egin nahi da.
Hori dela eta, Once Fundazioaren, Feekor Gutxitasun fisikoa edo/ta organikoa duten Bizkaiko pertsonen Federazioaren eta Euskal Gorrak pertsona gorren elkarteen Euskal Federazioaren laguntzarekin, autobabesaren arloko hitzaldiak emango dira datozen hiletan, herritarrak arazoaz jabetu daitezen; batez ere etxeko suteen prebentzioa izango ardatza baina etxeetan detektagailu bereziak jartzeaz ere arituko dira.
Prebentzioaren jaia: urriak 21
Suteen prebentziorako astea amaitzeko, jaia egingo da Uribitarte pasealekuan, Guggenheim Museoaren ondoan, urriaren 21eko (zapatua) goizean zehar. Etxe erraldoi bat, 400 metro karratukoa, jarriko da eta jendeak hainbat gairi buruzko aholkuak ikasteko aukera izango du: suteen aurrean nola jokatu, suteen kausa nagusiak, ke-detektagailuak nola jarri, ikastetxeak jendez husteko aholkuak, lehenengo laguntzak eta nola jokatu istripuetan, eta itzalgailuak erabiltzen ikastea.
Etxe puzgarriaren ondoan, suhiltzaileen kamioi batzuk egongo dira, jendeak ikus dezan zer-nolakoak diren suhiltzaileen kamioiak barrutik. Gainera, hurbiltzen diren neskato-mutiko guztiei “Suteak eta bestelako arriskuak prebenitzeko koadernoa” eta suhiltzaileen kaskoak emango zaizkie.
Jarduerak herritar guztientzat zabalik daude, prebentzioaren arloko ezaguera oro ondo baitator autobabes-maila handitzeko.
Gainera, Bilboko Udaleko Larrialdietako Zerbitzu Medikuetako anbulantzietako langileek ere parte hartuko dute jardunaldi honetan, bihotz-biriketako bizkortzea (B.B.B.) egiten irakasten.
Etxeetako suteen kausa nagusiak
Hauek dira etxeetako suteen kausa nagusiak: estufak, kandelak, kable akastunak, ohean eta sofan erretzea, manta elektrikoak, etxean egon daitezkeen likido suharberak, egoera txarrean dauden etxeko tresna elektrikoak, ke erauzgailuak behar bezain garbi ez edukitzea eta deskuiduen ondoriozko suteak, lapikoa sutan utzi eta kalera joatea adibidez, instalazio elektrikoa egoera txarrean egotea eta entxufeetan gainkarga izatea.
Aholkuak etxean sutea gertatuz gero
Babestu aireztapen ona duen gela batean eta jarri kanpotik ikusia izateko moduan.
Sua dagoela jakin eta berehala, deitu suhiltzaileei. Ez itxaron beste batzuk egin arte.
Sutea zure etxean izanez gero, irten ezer jaso gabe eta irteterakoan, itxi atea.
Ez irten leihotik. Itxaron erreskatatua izan arte. Ezin bada etxetik irten, itxi suak hartutako gelako atea.
Sua beheragoko etxeetan badago, itxi leihoak kerik sar ez dadin.
Busti leihoak, sugarrak haraino iritsi badira.
Kerik egonez gero, ibili katamarka, sudurra eta ahoa babestuz. Egon lasai.
Estali ateetako zirrikituak eskuoihal hezeak erabiliz.
Zabaldu ateak kontu handiz. Ukitu atea eta, bero egonez gero, ez ireki. Ez irten kea badago.
Ez irten eskailerara kerik egonez gero. Keak suak baino gehiago hiltzen du.
Surik egonez gero, ez erabili igogailua.
Kasu egin suhiltzaileen jarraibideei.
Itxaron eraikineko atarian suhiltzaileen zerbitzuari, kanpora irteteko astia izan badugu. Horrela, sua non den eta ea barruan pertsonarik dagoen adierazi ahal izango diezu. Eman suhiltzaileei pisuko giltzak, aldean edukiz gero.
Su-detektagailuak jartzeko aholkuak
Batez ere, aparatu elektrikoak dauden lekuetan jarri behar dira.
Suteei modu egokian aurre egin ezin dieten pertsonak dauden geletan ere ?pertsona nagusiak, gaixoak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta umeak- detektagailuak ipintzea gomendatzen da.
Gauez, sutea hasteko probabilitate handiena egongelan dago; ondoren, sukaldean eta logeletan.
Detektagailuak instalatu ondoren, probatzea komeni da eta gainera, aldiro-aldiro probatu behar dira, ondo dabiltzala ziurtatzeko. Urtean birritan tapa zabaldu eta sentsoreko hautsa garbitu behar da.